Karmen Jaietako kartelik onenak 500 euro irabaziko ditu
Markina-Xemeingo Udalak karmenetarako kartela egiteko lehiaketa jarri du martxan. Bi sari banatuko dituzte: 16 urtetik gorakoentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Lanak ekainaren 3ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Markina-Xemeingo karmenetarako bi hilabeteren faltan, jaiak antolatzeko lanekin hasita dago jada udala ere. Aurtengo kartel lehiaketa martxan jartzeko ordua heldu zaie, eta hala egin dute: ekainaren 3ko 14:30ak arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Ez dituzte, gainera, nolanahiko sariak banatuko. 16 urtetik gorakoen kartelik onenak 500 euroko saria lortuko du, eta hortik beherakoen lanik onenak, berriz, 150 eurokoa.
Hala, taldeka nahiz bakarka aurkeztu ahalko dituzte lanak, baina egile bakoitzak lan bakar bat aurkeztu ahalko du. Era berean, lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Urtero bezala, aurtengoan ere baldintza bakarra jarri dute: “KARMEN JAIAK 2014 MARKINA-XEMEIN, uztailaren 12tik 16ra” testua kartelean agertzea.
Teknika librea erabili ahalko da, eta titulu edo goitizen batekin aurkeztu beharko dira lanak. Antolatzaileek zehaztu dutenez, iazko sarituek ezingo dute parte hartu, eta lanak ezingo dira inteligentzia artifizialarekin egin. A3ko neurrian eta diseinu bertikalagaz, bi formatutan aurkeztu ahal izango dira lanak: paperean nahiz euskarri gogorrean edo formatu digitalean.
Lanak aurkezteko. Lanak aurkezteko hainbat toki egongo dira zabalik. Alde batetik, Markina-Xemeingo udaletxeko Berton bulegoan aurkeztu ahalko dira lanak, astelehenetik barikura, 08:15etik 14:30era. Arratsaldeetan eta zapatuetan, berriz, udaltzaingoaren bulegoan entregatu ahalko dira lanak. Azkenik, Uhagon kulturguneko bulegoan ere aurkeztu daitezke lanak, 09:00etatik 13:30era egunero, eta martitzen eta eguaztenetan 15:00etatik 19:00etara.
Lana formatu fisikoan aurkeztu nahi dutenek egilearen izenik gabe aurkeztu beharko dute, kartelaren atzean goitizen bat jarriz. Kartelarekin batera gutun azal bat aurkeztu beharko da: kanpoaldean “Karmen Jaiak 2024 kartel lehiaketa” eta goitizena agertu beharko dira, eta barruan, berriz, egilearen izen abizenak, adina, helbidea eta telefonoa.
Lana euskarri digitalean aurkezteko, berriz, USB memoria batean aurkeztu beharko da, artxiboaren izenburutzat goitizena jarriz. Pendrivea gutun azal handi baten barruan sartu beharko da, kanpoaldean “Karmen Jaiak 2024 kartel lehiaketa” jarriz. Horrekin batera, beste gutun azal txiki bat sartu beharko da, egilearen datuekin. Informazio gehiago eta oinarri guztiak udalaren web orrian jarri dituzte eskuragarri.