Katetxea botatzeko lanak abiatuko dituzte barikuan
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez hilabete batzuk beharko dituzte lanak burutzeko. Begiratoki bat egingo dute gune horretan.
2022ko azaroan Katetxea eraitsi egingo zela jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eraikinaren egoera desegokiaren berri jaso zutenean. Barikuan [maiatzak 10] abiatuko dituzte Katetxea botatzeko lanak eta ibilgailuen joan etorrian eragina izango du.
Aldundiaren jabetzako eraikina botatzeko lanek izango duten iraupenaren zehaztasunik ez dute eman, baina “zenbait hilabete” izango direla aurreikusi dute eta 270.000 euroko aurrekontua dute lanek.
Aldunditik zehaztu dutenez, behin obra lanak bukatuta Ondarroatik ailegatzen den oinezkoen bideari jarraipena emango dion gune bat sortzea da asmoa eta, aurreikusi zuten bezala, begiratoki bat egingo da.