Kulturen arteko topaketa egingo dute Zaldupen
Herritarrei zabalik egongo da jaia. 12 mahai egongo dira, munduko txoko ezberdinetako kultura eta gastronomia ezagutzeko. Musika eta dantzak ipiniko dituzte erdigunean.
Kultura ezberdinen arteko topaketa egingo dute barikuan [maiatzak 10] Ondarroako Zaldupen. Iaz egin zuten estreinakoz jaia, eta “oso ondo” joan zela ikusita, berriz ere antolatzera animatu dira familia zein irakasleak.
“Iaz Kulturartekotasun programan sartu ginen eta Kultura Astea antolatu genuen; familiak gelara etorri eta bakoitzak bere kultura azalduz. Asteari amaiera emateko jaia antolatu genuen eta oso ondo joan zela ikusita, gurasoak berriz ere antolatzera animatu ziren”, zehaztu du Josebe Azpiri Zaldupe eskolako zuzendariak.
16:00etan emango diote hasiera jaiari, hain zuzen ere, mahaien irekieragaz. Txoko ezberdinetako 12 mahai egongo dira eta bakoitzak bere gastronomiaren zatitxo bat eskainiko du; Galizia, Portugal, Txina, Maroko, Senegal, Mexiko, Estatu Batuak, Peru, Bolivia, Paraguai eta Euskal Herria.
Ostean, jai giroan sartuko dira, musika, dantzak eta jolasak bilakatuko baitira protagonista. Banjo kontzertuarekin hasi eta etenik barik egongo dira ekintzak iluntzera arte. Paraguaiko dantzak, txalaparta, Peruko dantzak izango dira gorputza martxan ipintzeko lehenengo ikuskizunak. TUPAY elkarteak antolatua Marinera Norteña ikuskizuna egingo dute Bilbotik etorriko diren bi haurrek. “Aretoko dantza egiten duten haurrak dira eta txapelketetan ibiltzen dira. Bitartean, guraso batek Peruko baxoko perkusio festa eskainiko du”.
Ostean, LH5eko ikasleek Marokoko abesti bat abestuko dute. “Ikasle baten ama aritu da haurrei abestia erakusten”. Musika saioen ostean, jolasak egiteko txanda ailegatuko da. “Nagusi eta haurren arteko jolasak egingo ditugu”. Jaia borobiltzeko, Latin Vives eta Emepebost taldeen kontzertuak egongo dira.
Jaia girotzeko txosna bat ipiniko dute eta boluntarioak egongo dira lanean. “Festak galerak ez sortzea izango da helburua, kostuak parean geratzea. Ateratako dirua mahaiak ipiniko dituzten familiei bideratuko diegu, ez baitugu nahi inori gasturik suposatzea, egindako lana nahikoa izango baita. Horrez gain, musika teknikariaren kostua beteko dugu”.
Giroa puntako izango da, irakasle, guraso zein boluntarioak “oso pozik eta ilusionatuta” baitaude, bakoitzak bere alea jarri eta jai ederra osatzeko. Hortaz, herri guztiari zabaldu diote hurbiltzeko eta parte hartzeko gonbidapena. “Herri guztiari zabalik dagoen ekimena da eta hurbiltzeko gonbidapena egiten diogu herritarrei, udalari, Zubi Zahar Herri Ikastolari eta Institutuari ere bai”.
EGITARAUA
- 16:00. Mahaien irekiera.
- 16:30. Banjo kontzertua.
- 17:00. Choguy (Paraguay).
- 17:30. Peruko Dantzak.
- 17:45. Marokoko abestia.
- 18:00. Jolasak.
- 19:00. Latin Vibes.
- 20:00. Emepebost.