Lekeitioko berben bigarren argazki lehiaketa, martxan
Lekeitioko berba bat aukeratu, eta horrekin lotutako argazki bat aterako beharko da. Maiatzaren 31ra arte aurkeztu ahalko dira argazkiak.
Lekeitioko berbak biltzeko asmoz, argazki lehiaketa antolatu du bigarrenez Lekeitioko Berbalagunek. Hala, Lekeitioko berba bat pentsatu, lotura duen argazki bat atera, eta esanahi bat jarri edo testuingurua azaldu beharko da, maiatzaren 31 baino lehen.
Behin berba aukeratu eta argazkia aterata, WhatsApp bidez aurkeztu beharko dira argazkiak, 607 59 63 43 telefono zenbakira bidaliz. Mezuarekin batera egilearen izen-abizenak ere jarri beharko dira. Lan guztiak jaso ostean Lekeitioko Eskolape Aretoan argazkiak ikusi eta bozkatzeko aukera egongo da, ekainaren 10etik 23ra. Era berean, baita Berbalagunen web orrian ere. Irabazleak ekainaren 24an argitaratuko dituzte bai Berbalagunen blogean eta baita telefono bidez ere.
Sari ederrak. Iaz 400 bozka jaso zituzten, eta “Atxabal kalian behera bilin-balaunka” izenagaz aurkeztutako argazkiak irabazi zuen lehenengo saria, eta “Izurdak braunparaka” izenburuagaz, berriz, bigarrena. Aurten, hiru sari banatuko dituzte. Lehenengoak Ibaigane Jatetxean bi lagunentzako astebururako bazkaria eskuratuko du; bigarrenak, bi lagunentzako Leaktibai ekintza bonoa; eta hirugarrenak, Berbalagun opari kutxa.