Munitibarrek hartuko du aurten Lea Ibarreko umeen egun berezia
Datorren zapatuan [maiatzak 11], Lea Ibarreko Umeen Eguna ospatuko dute Munitibarren. Arratsalde eta iluntzeko ospakizun egitarauaz gozatu ahalko da.
Urtebetez itxaroten egon ondoren, maiatzagaz batera ate joka dago aurtengo Lea Ibarreko Umeen Eguna. Datorren zapatuan [maiatzak 11] Lea Ibarreko ume nahiz gaztetxoei zuzendutako jai eguna egingo dute. Urtez urte, txandapasa oinarri harturik, bailara hori osatzen duten udalerriak arduratu ohi dira ospakizun hori antolatzeaz eta eguneko ekimenak hartzeaz, Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoagaz elkarlanean arituz; aurten, Munitibarri egokitu zaio jaialdia hartzea.
Antolakuntza lantadeak arratsaldeko egitaraua prestatu du zapaturako; 16:00etan ekingo diote, eta 19:00ak luzatuko da Lea Ibarreko umeen bilgunearen arratsaldeko programazioa. Tarte horretan, denetariko jarduera zein proposamenez gozatzeko aukera paregabea edukiko dute bertaratzen diren herritarrek. Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, besteak beste, umeentzako jolas puzgarriak, ludoteka, beso birakaria, feriako jokoen zirkuitua edota aurpegia margotzeko txokoa egongo dira.
Iluntzea magia ikuskizunaz eta txokolate janaldi herrikoiagaz girotuko dute
19:00etan, Alain Zulaikaren txanda iritsiko da; magia ikuskizuna emango du. Gainera, eguna aho zapore gozoz borobildu ahalko dute. Izan ere, antolatzakuntzatik iragarri dute txokolate jana egongo dela hurreratzen diren guztientzat.