Zientzia herriratuko du Pint of science ekimenak
Hiru eguneko egitaraua osatu dute Zientziaren Giltzak elkartekoek eta bost hitzaldi eskainiko dituzte Kitxarra-Zamoran, Kirrixkin eta Idoian. Aditu guztiak emakume ikerlariak izango dira.
Zientzia herritarrengana hurbiltzen duen ekimena ailegatuko da, aurten ere, Ondarroara. Zientziari buruzko hitzaldi zein solasaldiak herriko tabernetara ekartzen dituen Pint of science ekimena egingo dute datorren astean, hiru egunez, Ondarroako Kitxarra-Zamoran, Kirrixkin eta Idoia tabernetan.
Zientziaren Giltzak elkartearen eskutik ailegatzen da ekimena herrira, eta aurten ere, aditu guztiak emakume zientzialariak izango dira; teknologia, itsasoa eta elikadura jarriko dituzte erdigunean.
Eneritz Cereza Bengoetxea ikerlari ondarrutarrak materialen jokabideei buruzko saioa eskainiko du.
Astelehenean [maiatzak 13] emango diote hasiera ekimenari Kitxarra-Zamora tabernan eta baserri modernoaren bi ikuspegi erakutsiko dituzte adituek. Elena Galan del Castillo ikerlariak Ovejizate saioan bizipenetatik abiatuta abeltzaintzako ikerketaren erronkaka ulertzeko behar den ikuspuntu aldaketa aztertuko du, batez ere, klima aldaketara egokitzeko helburuarekin egiten denean.
Ostean, Malen Sarasua Aranberri ikerlariak Baserritik mahaira: bertoko ekoizleen gazta eta esnekiak hitzaldian, elikagai seguru, osasungarri eta jasangarrien kontsumoa sustatzen duen estrategia izango du hizpide. “Europako ‘baserritik mahaira‘ estrategiarekin bat datoz gure inguruneko artisau-gaztandegiak, lurraldearekin eta gure kultura gastronomikoarekin oso lotuta daudenak”. Horrez gain, Aimar Bilbao Egurrola Txikiñeko gazta ekoizlea egongo da.
“Antxoak gorabehera handiak izan ditu azken hamarkadetan. Gorabehera horiek ulertzea funtsezkoa da, berriro gerta ez dadin”.
Martitzenean [maiatzak 14] Kirrixki tabernak hartuko du etxerako teknologiari buruzko bi hitzaldiak. Olaia Gordo Burgoa ikerlaria hidrogenoa hartzen ari den indarraz ariko da, deskarbonizazio bidean ohiko diren erregai fosilen alternatiba gisa. “Gobernu zein enpresek interes handia erakutsi dute hainbat proiektutan parte hartuz. Alabaina, hidrogenoa biltegiratzeko eta garraiatzeko orduan ‘Hidrogenoak Eragindako kaltea’ deituriko arazoa dago”. Ostean, Eneritz Cereza Bengoetxea ikerlari ondarrutarrak materialen jokabideei buruzko saioa eskainiko du. “Urtean 400 bilioi lata baino gehiago kontsumitzen dira mundu osoan, hortaz, unitateko materiala gutxitzeak aurrezki ekonomiko eta ekologiko globalak ekar ditzake”.
Eguaztenean [maiatzak 15], ostera, itsasoa izango da solasaldiaren erdigune Idoia tabernan eskainiko den saioan. Naroa Aldanondo Aristizabal ikerlaria antxoaren gorabeherei buruz ariko da Otolikoak, antxoen ‘kutxa beltzak’ hitzaldian. “Antxoak gorabehera handiak izan ditu azken hamarkadetan. Gorabehera horiek ulertzea funtsezkoa da, berriro gerta ez dadin. Horretarako, antxoen ‘kutxa beltzak’ irekiko ditugu, eta horietan dagoen informazioa deszifratuko dugu”.
EGITARAUA
Maiatzak 13
- 19:00. Ovejizate Elena Galan del Castillo ikerlaria eta Aimar Bilbao Egurrola Txikiñeko gazta ekoizlearen, Kitxarra-Zamora tabernan.
- 20:00. Baserritik mahaira: bertoko ekoizleen gazta eta esnekiak Malen Sarasua Aranberri ikerlariarekin, Kitxarra-Zamora tabernan.
Maiatzak 14
- 19:00. Materialak eta hidrogenoa: entropia altuko aleazioak Olaia Gordo Burgoa ikerlariarekin, Kirrixki tabernan.
- 20:00. Materialak ezagutzen aurrezteko Eneritz Cereza Bengoetxea ikerlariarekin, Kirrixki tabernan.
Maiatzak 15
- 19:00. Otolitoak, antxoen ‘kutxa beltzak’ Naroa Aldanondo Aristizabal ikerlariarekin, Idoia tabernan.