Emakume etorkinek euren kezkak eta beharrak elkarbanatuko dituzte domekan
Markina-Xemeinengo Bekobenta eskolan elkartuko dira herriko nahiz inguruetako emakume etorkinak, Asmae Ourdi eibartarraren gidaritzapean. Bi orduko saioan eurek dituzten beharrei buruz ariko dira.
Emakume etorkinek euren kezkak, beharrak eta nahiak azaltzeko hiru saio egin zituzten joan den urte amaieran, eta ikusitako erantzuna ikusita, aurten beste hiru saio antolatuko ditu Markina-Xemeingo Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko berdintasun arloak emanten dituen dirulaguntzen bitartez. Hala, aurtengo lehenengo saioa domekan [maiatzak 12] egingo dute, Bekobenta eskolako liburutegian, 17:30etik 19:30era.
Berriro martxan jartzea da helburua: “Ez ditugu eduki zehatzak eroaten eta gero horiek lantzen. Gehiago da eurek beharra dutenari buruz hitz egitea. Eztabaida talde bat da, eurak elkartzeko. Kontuan izan behar da askotan zaintza zerbitzuan lan egiten dutela, eta kezka edo behar antzekoak izaten dituztela. Ez dugu programa zehatz bat eskaini nahi, ze azkenean ez ditugu ezagutzen zeintzuk diren euren beharrak”. Iaz, esaterako, hainbat gai landu zituzten, besteak beste: ahalduntze kolektiboa, ahalduntze pertsonala, parte hartzea herrian, indarkeria, euskararen erabilera eta kultur asimilazioa.
Hori horrela, domekan [maiatzak 12] zaintza zerbitzua ere eskainiko dute, hala behar duenarentzat. Domekako saioa Asmae Ourdi eibartarrak dinamizatuko duen arren, pixkanaka talde autogestionatua izatea da helburua: “Aurten hiru saio egin nahi ditugu, eta hirurak dinamizatzailearekin izango dira. Hala ere, horren ostean saioak eurek autogestionatzea nahi dugu. Eurek erabakitzea noiz izango den hurrengo saioa, eta gutxinaka eurak arduratzea taldearekin”.