Herri kirolekin hasi dute San Gregorio Eguna
Gaur [maiatzak 9] da San Gregorio Eguna, Berriatuko jaiei hasiera ematen dien eguna. Arratsaldean jaitsiko da Kaxero Gaupasero jaiei hasiera ofiziala emateko.
Berriatuko San Gregorio Egun handia da gaur [maiatzak 9]. Hau da, sangregorio jaiei ofizialki hasiera emateko eguna. Kaxero Gaupasero iluntzean jaitsiko bada ere, berriatuarrak hasi dira egunaz gozatzen. Hain zuzen ere, zaila da ulertzea San Gregorio jaiak herri kirol erakustaldirik gabe.
Hain zuzen ere, eguraldia ere lagun izan dute jaietan. San Gregorio Egun Handia ezin izan da eguzkitsuagoa izan. Agian goizeko herri kirol erakustaldiko parte hartzaileek bestelako tenperatura bat nahi bazuten ere haien lana egiteko.
Hala ere, kirolariek goi mailako ikuskizuna eskaini dute, izen handiak bertaratu dira Berriatura. Iker Vicente Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako irabazlea, Julen Alberdiri desafioa irabazi berritan helduta, edota Ugaitz Mugertza mutrikuarra Euskal Duatloiko txapelduna. Harrijasotzaile lanetan aritu dira Inhar Urruzuno ondarrutarra, Lierni Osa eta Ainize Zumeta. Denek ala denek indar erakustaldi ederra eskaini dute, mezaren ostean ez zegoen plan hoberik.
Udaletik jakinarazi dute aldaketa bat egon dela zapatuko [maiatzak 11] kontzertuetan: Bele taldeak joko du Ginger taldearen ordez.