Markina-Xemeingo Baserri Eguna, bertoko ekoizle eta abeltzainen elkargune
Hamahiru ekoizleren postuak eta mota guztietako animaliak ikusi ahalko dira zapatuan [maiatzak 11] Markina-Xemeinen. Azokaz gain, Pintxo Bidea lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta arratsaldean Helduen IV. Trikiti Txapelketa egongo da.
Bertoko nahiz inguruko nekazari eta abeltzainak elkartuko dira zapatuan [maiatzak 11] Markina-Xemeinen. Urtero bezala, Markina-Xemeingo Udalak eta Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteak Baserri Eguna antolatu dute, Hamen Bertokoa elkartearekin elkarlanean, eta HAZI, Eusko Label eta BBKren babesagaz. Antolatzaileek adierazi dutenez “lehen sektoreari bultzada eman, berau ikusarazi eta eskualdean ekoiztutako elikagaiak herritarren artean ezagutzera emateko helburuarekin” ospatuko da Baserri Eguna.
Hala, hamahiru ekoizlek hartuko dute Plazabarripea. 10:00etatik 15:00etara herriko nahiz inguruko ekoizleak egongo dira bertan. Askotariko produktuak salduko dituzte, besteak beste, ogiak, gozoak, gazta, eztikiak, ahatekiak, okela, kontserbak, frutak, landare haziak. Aldi berean, abeltzainen azoka ere egongo da Zelaian. Aurtengoan, gainera, hainbat abeltzainen eskaerei erantzun nahi izan diete, eta hala, abeltzainek ere aukera eskaini diete euren abereak jendaurrean erakusteko. Animaliarik ez da faltako Zelaian: zaldiak, behorrak, ardiak, ahuntzak, abelgorriak eta hegaztiak bertatik bertara ikusi ahalko dituzte azokara joaten direnek.
Jan-edana ere ez da faltako zapatuan: 12:30etik aurrera bildots pintxoak dastatu ahalko dituzte erosleek, Plazabarripean. Jarraian, 13:30ean, Hemen Be Bai merkatari elkarteak Pintxo Bidea lehiaketako sariak banatuko ditu. Bestalde, Landare Azokan bezala, zapatuan ere Lea-Artibaiko Amankomunazgoak hondakin organikoa birziklatzeko kitak banatuko ditu, eta konposta ere jaso ahalko da.
Trikiti doinuak. Baserri Eguna, gainera, egun guztira luzatuko da. Goizeko jardunaren ostean, trikitilarien txanda izango da. 17:30ean punta puntako trikitilari eta pandero jotzaileak entzun ahalko dira Uni Frontoian. Markina-Xemeingo Helduen IV. Trikiti Txapelketan bederatzi bikotek parte hartuko dute; bikote bakoitzak trikitia, porrusalda, fandangoa (epaimahaiak proposatutakoa) eta arin arina jo beharko du. Txapelketaren ostean, berriz, kalejira egingo dute parte hartu nahi duen edonorekin. Egunagaz amaitzeko, 22:30ean erromeria egongo da Kontzejupean, Laja II-Lutxurdio eta Mirari-Aintzane bikoteekin.
Sarrerak salgai daude interneten eta udaletxeko kutxazainean; egunean bertan lehiatilan ere egongo dira. 16 urtetik gorakoek hamar euro ordaindu beharko dituzte, eta 16 urte dituztenek edo hortik beherakoek, sei euro. Txapelketaren osagarri gaur [maiatzak 10] Maurizia Aldaiturriaga pandero jotzailearen bizitzan oinarritutako Aire! dokumentala eskainiko dute doan. Esperantza aretoan, 18:30ean izango da emanaldia.