Herri Eskolako Guraso Elkarteak V. Familien Eguna antolatu du
Bihar [maiatzak 11] 280 lagun baino gehiago elkartuko dira bazkari herrikoian.
Lekeitioko Herri Eskolako Guraso Elkarteak bosgarren aldiz Familien Eguna ospatuko du bihar [maiatzak 11], egun osoko egitarauagaz. Eskolako egunerokotasunik kanpo harremanak sendotzeko eta komunitate izaera lantzeko eguna da Familien Eguna. 2018an antolatu zuten lehenengoak «harrera bikaina» izan zuen, eta azken urteetan «beste maila batera» eraman dute jai eguna: «Familiek asko eskertzen duten jaia da, egun osoan alkarregaz egoteko eta lagunak egiteko aukera ematen duelako; dena elkarrekin egiten dugu, bai ekintzak antolatu, bai horietaz gozatu ere».
Hain zuzen ere, eskolako familiak, guraso zein umeak, elkartzeko eguna da, eta oraingoan 280 lagun inguru batzea aurreikusi dute antolatzaileek. 11:00etan jarri dute hitzordua eta umeek askotariko ekintzak, jolasak eta tailerrak izango dituzte aukeran: tirolina, herri kirolak, tailer desberdinak… Guztiak guraso boluntarioen begiradapean izango dira, hori baita jaiaren helburu nagusia. Bazkaldu alkarregaz egingo dute eta arratsaldean Talent Show txapelketa egingo dute. Gero, DJa arduratuko da musika jarriz eguna luzatzeaz. Horrez gain, aurreratu dute zozketak ere egingo dituztela askotariko produktuak emateko.