Mikel Goñi eta Oinatz Bengoetxea, Arnasa elkartearen aldeko pilota jaialdian
Arnasa Fibrosi Kistikoaren Elkartearen aldeko pilota jaialdia antolatu du Ametzako kuadrillak biharko [maiatzak 11], 11:00etatik aurrera, Ondarroako frontoian. Ekintza solidarioa izanik, helburua elkartearentzako ahalik eta diru bilketarik handiena lortzea izango da. Fibrosi Kistikoa duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko zerbitzuak eta tratamenduak burutzeko eta mantentzeko erabiltzen ditu elkarteak diru-laguntzak.
Bi izenik handienak Mikel Goñi eta Oinatz Bengoetxea izango dira. Elkarren aurka jokatuko dute, Goñik Juantxo Koka pilotari ohiagaz osatuko du bikotea eta Bengoetxeak Esnaolagaz. Pala partiduak ere jokatuko dituzte; Belarrik eta Trontxok Mendibe eta Txirloiren kontra jokatuko dute. Zozketak ere egingo dituzte. Sarrerak 10 eurotan daude salgai aurretik Kuriken, eta bihar goizean ere salmentan jarriko dituzte frontoian bertan.