Markina-Xemeingo Ilunpe tabernak irabazi ditu V. Pintxo Bideako bi sariak
Baserri Eguna ospatu dute gaur [maiatzak 11] Markina-Xemeinen; 30 bildots erre dituzte. V. Pintxo Bidea lehiaketako sari banaketa ere egin dute; Ilunpe tabernako pintxoak eraman ditu sari guztiak. Helduen IV. Trikiti Txapelketa egongo da arratsaldean.
Lehen sektoreari bultzada eman eta bertatik bertara ekoiztutako elikagaiak herritarren eskura jartzeko helburuaz antolatutako Baserri Eguna ospatzen ari dira gaur [maiatzak 11], Markina-Xemeinen. Asko eta asko izan dira postuetara zein bildotsa probatzera hurbildu direnak; bildots erre usainak hartu baitutu bazterrak. 30 bildots erre dituzte eta salmentek izandako arrakasta ikusita, probatzeko modukoa zen.
Zelaian zein Plazaberribean askotariko ekoizleen produktuak eskuratzeko aukera egon da, eta jendeak ez du hutsik egin. Hamahiru postu egon dira guztira, denetariko eskaintzagaz. Ogia eta gozoak eskaini dituzte Labegurrek eta Mañekok. Sagardoa eta txakolina Axpek; Baskaranek, Larruz ahuntz gaztak eta Amatxo gaztandegiak ere beraien produktuak eskaini dituzte. Horrez gain, Gure eztia, La gilda del norte, Maison dufrecxen ahatekiak, Agirrezabalen okela produktuak eta Ondareren kontserbak egon dira. Bodegas Solana de Ramirezen eskutik, ostera, ardoa eskuratzeko aukera egon da. Aurten, gainera, berritasun bat izan du egunak; abeltzainei ere aukera eskaini zaie abereak erakusteko eta zelaian egon dira. Ardiak, ahateak eta zaldiak,tartean.
Ospakizun egunaren baitan, Hemen Be Bai merkatari elkarteak antolatutako Pintxo Bidearen sari banaketari heldu diote eguerdian. Bost urte daramatzate ekimena antolatzen, eta aurten, 10 tabernek parte hartu dute; Markina-Xemeingo zortzi taberna eta Etxebarriko bi. Antolatzaileek parte hartzaileen maila nabarmendu dute. “Aurten bereziki nabarmendu dugu parte hartzaileen maila handia. Gainera, helburua herriko taberna eta komertzioak sustatzea izanik, ekimenak duen harrera ona pozgarria da”. 3.900 pintxo banatu dituzte eta herritarren artean zeresana eta herrian giroa sortzen duela gehitu dute.
Aurten sukaldari aditu talde batek osatutako epaimahaiak ematen duen sari nagusia, eta pintxoak probatu dituzten bezeroek aukeratutako pintxorik onenak bat egin dute. “Erabateko adostasuna egon da aurten saria emateko orduan”. Hortaz, bi sariak bereganatu ditu Markina-Xemeingo Ilunpe tabernak.
Irabazleak ondokoak izan dira:
- 1. Sari nagusia (Pintxo Onenaren Saria): Markina-Xemeingo Ilunpe tabernak irabazi du. Tabernako arduradunak Hemen be bai merkatari elkarteko komertzioetan gastatzeko 200 euro irabazi ditu.
- 2. Saria (0 KM saria): Markina-Xemeingo Ilunpe tabernak irabazi du (100 euroko opari txartela).
- 3. Saria (pintxo onena zein izan den asmatu duena): Gurutze Olaetxea herritarrak irabazi du (50 euroko opari txartela).
- 4. Saria (bezeroaren saria): Inma Aransolok irabazi du (50 euroko opari txartela).
Puntako giroa izanik eta eguraldia lagun, arratsaldean ere zereginik ez da faltako herrian. 17:30ean punta puntako trikitilari eta pandero jotzaileak entzun ahalko dira Uni Frontoian, Markina-Xemeingo Helduen IV. Trikiti Txapelketa lehiatuko baita bederatzi bikoteren artean. Egunagaz amaitzeko, 22:30ean erromeria egongo da Kontzejupean, Laja II-Lutxurdio eta Mirari-Aintzane bikoteekin.