Ondarroa nagusitu da etxeko uretan
Ondarrutarrek hirugarren postuan bukatu dute gizonezkoen absolutu mailan; Isuntzakoak, laugarren koskan geratu dira. Lekeitiarrak gizonezkoen gazte mailan gailendu dira, eta ondarrutarrak emakumezkoen kadete mailan ere.
Bermeo eta Ondarroa nagusitu ziren atzo [maiatzak 12] Ondarroako uretan, eta ondorioz, Bizkaiko Trainerilla Txapelketako txapeldun izendatu ziren- bermeotarrak gizonezkoetan, eta ondarrutarrak emakumezkoetan-. Lea-Artibaikoak hasieratik izan ziren nagusi, eta bigarrenak baino hamairu segundo lehenago helmugaratu ziren; 17.06,56ko denbora markatu zuten garaileek. Deustuko tomaterak osatu zuen podiuma; ondarrutarrek baino hemeretzi segundo gehiago behar izan zituzten. Laugarren koskan geratu ziren Isuntzakoak, podium denboretatik urrun, eta bosgarren trainerillari minutu bat baino gehiago aterata.
Bermeotarrek, aldiz, lehia estuagoa izan zuten. Bizkaiko Trainerilla Txapelketako arinagoko frogetan bezala, Zierbenarekin borrokan ibili ziren azken momentura arte. Atzetik aurrerako bidea egin behar izan zuten Aranberriren gizonek, izan ere, lehenengo ziabogara zierbenarrak baino segundo bi beranduago iritsi ziren. Bigarren luzean, ordea, bermeotarrek hortzak estutu, eta segundo bateko abantaila lortu zuten. Horrela iritsi ziren hirugarren ziabogara ere, eta helmugan bi segundoko diferentzia lortu zuten; Bermeok 14.11,32an gelditu zuen erlojua. Podiuma osatzeko lehia ere ez zen makala izan. Ondarroa eta Isuntza ibili ziren aurrez aurre, eta berdintasuna izan zen nagusi frogan zehar. Lehenengo ziabogara ondarrutarrak hiru segundo lehenago iritsi baziren ere, hirugarrenean denbora berbera ezarri zuten. Laugarren luzean, ordea, ondarrutarrek bost segundo gutxiago behar izan zituzten lanak bukatzeko.
Isuntzak ez zuen areriorik izan gizonezkoen gazte mailan; 15.14,95ko denbora behar izan zituzten lanak bukatzeko, Itsasoko Amak baino hogeita bat segundo gutxiago. Ondarrutarrak froga guztian zehar podiumeko postuetan ibili baziren ere, luze egin zitzaien lana, eta hirugarren postutik segundo bat baino gutxiagora helmugaratu ziren. Mundakarrak izan ziren bosgarrenak, Isuntzak baino ia berrogeita zortzi segundo gehiagogaz.
Trainera munduan itsasoaren egoerak eragin izugarria duen arren, etxeak jokatzeak beti eskaintzen du abantailatxoa. Horrek eta puntako taldea izateak eraman zuen ondarrutarren emakumezko trainerilla garaipena lortzera kadete mailan: 08.54,23ko denborarekin bukatu zuten froga, Portugaletek baino hiru segundo gutxiagorekin. Hirugarren postuan Mundakak bukatu zuen, eta Isuntzak laugarrenean.
Gizonezkoetan Itsasoko Ama nagusitu zen kadete mailan, 07.29,31ko markarekin. Arkote geratu zen bigarren postuan, eta Isuntzak osatu zuen podiuma, liderrak baino hogeita hamairu segundo gehiago behar izanda.