Esperientziarik aberasgarriena
Ander Txakartegik Marokora bidaiatu du Urbegi Fundazioaren 'Lo Imposible' sarietako irabazleekin, Orbearen eskutik. Ekainaren 21etik 23ra Helmugak Erronka Solidarioa prestatzeko balio izan dio.
Ander Txakartegik abentura gustuko du, abenturazalea da. Ezetz esaten ez dakien horietakoa da, eta are eta gutxiago proiektu solidario baten aurrean. Bizikleta gainean bada, ezin hobe. Gauzak horrela, berriatuarra proiektu solidario berri baten murgildu da: “Ez nuen pentsatu behar izan, baiezkoa eman nuen segituan”.
Urbegi Fundazioaren eskutik, Lo Imposible sarietako irabazleen abenturan parte hartu du, Orbearen ordezkari modura. 2022an banatu zituzten sariak lehen aldiz, eta irabazleentzako lehen abentura Alex Txikonegaz Everest mendira joatea izan zen. Urbegi Fundazioak ahultasun egoeran dauden pertsonen laneratzea sustatzeko ekintzak bultzatu, sustatu eta hedatu nahi ditu arlo ezberdinetan. Lan baldintza duin eta normalizatuetan lana lortzeko zailtasunak dituzten kolektiboen lan-inklusioa sustatzen duten ekimenak bideratu eta garatzen ditu.
Aurten, bigarren edizioan, Marokora joan dira bost egunez, 2023an lurrikarak suntsitutako herrietatik bizikletaz ibilbideak egitera. “Gau ilun bat, 10 segundo, lurrikara bat,… eta guztia agur. Herri oso bat lurrean, herri oso bat etxerik gabe, herri bat obra-hondakinen azpian. Bizitzea bera bakarrik geratzen zaizunean, zer galdu ez daukazunean, sustraiei eustea besterik ez dela geratzen ulertu dut”.
Berriatuarrak Tizen herriko umeen eskutik ezagutu zuen bertako egoera
Berriatuarrak herriko umeen eskutik ezagutu zuen inguruko egoera. Umeekin eta umeentzako lan egiten ohituta dago, Helmugak Erronka Solidarioa da, adibidez, erakusle nagusia. “Gogorra” egin zitzaion plastikozko etxeetan, “zerbait esaterarren”, bizi zirela ikusteak. Haiekin “konektatzen” du inorekin baino hobeto.
Gainera, behin baino gehiagotan egon da Marokon, baina inoiz ez aurten bezala. “Txikitatik izan dut hartu-emana Marokorekin, eta sei aldiz joan naiz, baina inoiz ez aurten bezala. Oso ikusgarria izan da dena, txarrerako”.
Zerbait egin behar zuten laguntzeko. Tizen herrian sei familiari erautsitako haien etxebizitzak berreraikitzeko beharrezko materialak eman zizkieten. Heldu bezain laster, familiekin elkartu ziren eta haien beharrizanak eskatu. Horiek ikusita, lanean hasi ziren. 12.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin zuten. «Agian hondartza batean hondar ale bat baino ez da, baina haria ez dadila eten».
Abentura kide berriak. Txakartegi ez zen bakarrik egon. Leire, David eta Ivan izan ditu bidelagun, Lo Imposible sarietako irabazleak. Leirek garun-paralisia du, Davidek agerraldi psikotikoak izaten ditu eta Ivan autista da. Txaka azken horrekin egon zen gehien. Horretarako ere prestatu da, dena ez delako bizikleta. «Lagun psikologo bategaz jarri nintzen harremanetan eta bideorri bat diseinatu zidan». Ordura arte ez zuen autista batekin lan egin, beraz, esperientzia berria izan da.
Hori bai, pauso guztiak egun bakarrean irentsi zituen: distantziak kontrolatzea, gozo hitz egitea… “Hasieratik oso ondo elkar ulertu ginen, bere konfiantza osoa irabazi nuen eta lagunak egin ginen”. Elkarrekin egin zituzten bost egunak, bizikleta gainean, bazkaltzen eta mendian lo egiten. “Ivan ezagutzea oso aberasgarria izan da niretzat, oso eskertuta nago”. Ez dago gehiago esaterik.
Ez zeuden bakarrik, laguntzaile sare handia izan baitzuten. Hain zuzen ere, antolatzaileek berriatuarraren “laguntasuna” eskertu zuten. “Ez zekiten nor joango zen eta zelakoa izango zen, eta ni edozertan laguntzeko prest egon naiz”.
Euren etxeak berreraikitzeko materialak eman dizkiete sei familiari
Egunerokotasuneko irudiak biltzeko hiru kamara eduki zituzten, eta berriatuarrak iragarri duenez, urte amaierarako abentura laburbiltzen duen dokumentala argitaratuko dute. Horrez gain, hilaren amaieran jakinaraziko dituzte aurtengo Lo Imposible sarietako irabazleak.
Elkarlana. Txaka errepikatzeko prest agertu da. Laneko astebeteko baimenagaz joan zen Marokora. Alde horretatik ere eskolari “oso eskertuta” agertu da, esperientzia bizitzeko aukera emateagatik. Prestaketa modura ere balio izan dio, elkarlana delako, baita ere, Helmugak Erronka Solidarioaren zutabe nagusia. Ekainaren 21etik 23ra egingo dute, eta Berriatua izango da elkargune nagusia. Hiru egun horietan askotariko ekintzak antolatuko dituzte.
Hiru egun eta hiru etapa, 650 kilometro inguru. Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteak biltzen ditu proiektuak, horiei hauspoa emateko.
Esperientziak gehitzen doa Txakartegi, zein baino zein aberasgarriagoa. Elkartasun hutsa.