Amets Arzallusek 'Miñan' liburua aurkeztuko du Simon Bolivar Museoan
Domekan [maiatzak 19] 11:00etan egingo dute aurkezpena idazle eta bertsolariagaz.
Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoak antolatuta Miñan liburuaren aurkezpena egingo du Amets Arzallusek, domekan [maiatzak 19], 11:00etan, museoan. Miñan liburua migrazio-abentura baten kronika da, 2019an idatzi zuten Ibrahima Balde Konakrytarrak eta Amets Arzallusek. Ibrahima Balderen beraren bizitzaren kronika da nobela, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Liburuak Zilarrezko Euskadi Saria irabazi zuen 2020an.
Ibrahima Irungo harrera-sarean zebilela ezagutu zuen Arzallusek 2018an. Hor egin zuten lehen hartu-emana, eta, gerora, harreman hori sendotuz joan da. Euskal Herrira heldu arteko bidaia kontatzen dute liburuan: Pobrezia, desertua gurutzatzea, ankerkeria eta tortura, esplotazioa, Mediterraneo itsasoa gurutzatzea…
13 urte zituela aita galdu, lan bila hasi, eta haren anaia gazteena desagertu zeneko aldia kontatzen du. Gineako hiriburutik Nzerekore hirira joan zen lan bila: amari, bi ahizpei eta anaia gazteenari laguntzeko asmotan. Lanean ari zela, amaren deia jaso zuen: anaia txikia falta zen etxean. Hala, Konakryra itzuli eta haren bila hasi zen, anaia bizirik aurkitzeko esperoan. Pular hizkuntzan anaia txikiari miñan esaten zaio, eta horixe da liburuaren izenburua.