Bihar zabalduko dute Geoparkearen mikroipuin lehiaketan parte hartzeko epea
Maiatzaren 26ra bitartean egongo da lanak aurkezteko aukera.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak lehenengo aldiz idatzizko sormen lehiaketa ipini du martxan, zehazki, mikroipuin lehiaketa. ‘Geoparkea, ni eta beste animalia batzuk’ gaia ipinita gehienez ere 250 karaktereko kontakizunak jasoko dituzte. Lanak Euskal Kostaldeko Geoparekearen X-Twitter- orrian argitaratuko dira.
16 urtetik gorakoek edukiko dute parte hartzeko aukera eta aurkeztutako lanak euskaraz idatzitakoak, originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 18an hasiko da eta maiatzaren 26an amaituko da, hain zuzen ere, Europako Geoparkeen Asteak irauten duen astearekin bat eginda. Parte hatzeko interesa dutenek inprimakia bete beharko dute.
Geoparkeko kideek osatutako epaimahaiak aukeratuko du lan irabazlea eta maiatzaren 27an jakinaraziko dute Geoparkearen sare sozialen bitartez. “Aldi berean irabazleari modu pertsonalean jakinaraziko zaie”. Hala ere, aurkeztutako lanek “maila egokirik” ez balute, saria eman gabe geratu daiteke.
Epaimahaiak aukeratutako lan irabazleak bi pertsonentzako Geoparkeko bisita gidatua, Geoparkea, Biodibertsitateari buruzko apunteak liburua eta bertoko produktuez osatutako Geogourmet otzara jasoko ditu. Horrez gain, aurkeztutako parte hartzaileen artean Geoparkeko bisita gidatua bi pertsonentzat eta Geoparkea, Biodibertsitateari buruzko apunteak liburua zozkatuko dira.