Ispasterko bidean dauden bi aparkalekuetan ezingo du ordainpeko sistema jarri Lekeitioko Udalak
Bizkaiko Foru Aldundiak Ispasterko bidean dauden bi aparkalekuak euren jabetzakoak direla jakinarazi dio udalari; azken 14 urteetan Lekeitioko Udalaren ardurapean egon dira aparkalekuok. Udalak akordu batera heldu nahi du Aldundiagaz. Egoiliarren eremuak ez du aldaketarik edukiko.
Lekeitioko Udalak diseinatu duen aparkaleku sistema berria martxan jartzeko hilabete baino falta ez denean, beste oztopo batekin aurkitu dira udaleko ordezkariak. “Herritarrak erdigunean” ipintzeko politika ardatz hartuta aritu da lanean udala: “Horretarako konpromisoa hartu genuen, horretan sinesten dugu eta”.
Hala, “herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz argiagaz” diseinatu badute ere, ez da denen gustukoa izan: “Norbaiti ez zaio gustatu Lekeitioko aparkaleku sistema berria, eta oztopoak ipintzeko erabakia hartu du”. Izan ere, Bizakiko Foru Aldundiak udalari jakinarazio dionaren arabera, Ispasterko bidean dituzten bi aparkalekuetan ezin dute ordainpeko sistemarik ipini, aparkaleku horiek ez direlako udalaren jabetzakoak. Udal ordezkariek harriduraz jaso dute jakinarazpena: “Lekeitiok ez du horren berririk izan gaur arte”.
Azaldu dutenez, bi aparkaleku horiek duela 14 urte egin zituen udalak, eta ordutik udalaren eskuetan egon da aparkalekuen mantenimendu nahiz erabilera osoa: “Zelan izan daiteke obrak egin eta 14 urtetan oso-osorik geure ardurapean egon diren aparkalekuak, orain bapatean, gureak ez direla jakitea?”. Nabarmendu dutenez, aparkaleku sistema berriaren planteamendua aurkeztu dutenean “bestelako interes batzuk atera dira mahai gainera”. Interes horiek, lekeitiarren beharrizanetatik “oso urrun” daude interesak direla salatu dute.
Nabarmendu dute “garrantzitsua” dela aparkaleku sistema udalak diseinatu duen moduan mantentzea.
Era berean, “erantzun bakarra” ikusten dio udalak Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako erabakiari, eta “kezkaz” hartu dute erabakiaren berri. Udalak azpimarratu du aurkeztu duten aparkaleku sistema berriak Lekeition oporraldietan egon daitezkeen beharrizan ezberdinei “ondo erantzuteko aukera” ematen duela, eta ordainpekoak izan behar ziren bi aparkaleku kenduz gero, “aparkatzeko zailtasun gehiago” egongo direla: “Pentsatzen dugu udan denbora asko hemen egoten direnentzat eta fidelizazio txartela erosteko asmoa dutenentzat aparkatzeko zailtasun gehiago egongo direla”. Horregatik, nabarmendu dute “garrantzitsua” dela aparkaleku sistema eurak diseinatu duten moduan mantentzea, eta lau aparkalekuak ordainpekoak izaten jarraitzea.
Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiari “arduratsu jokatzeko” eta “jarrera baikorra” izateko eskatu dio udalak. Era berean, akordio batera heltzeko proposamena luzatu die udalak: “Gu prest gaude eta hala eskatzen diogu BFAri ere, akordu batera hel gaitezela, horrela uda honetan aparkaleku sistema berrian martxan ipini ahal izateko, guk ondo aztertuta eta diseinatuta dugun bezala. Hau da, Ispasterko bidean dauden bi aparkalekuak ere ordainpekoak izatea. Ziur gaude horixe izango dela guztiontzako onena”.
Udalak orain arte herrian agertu diren jokabideak salatu nahi izan ditu.
Gainontzekoa, berdin. Udalak azaldu duenez, zalantzan dagoen bakarra Ispasterko bidean dauden bi aparkalekuak dira, eta gainontzeko dena berdin mantenduko dute, egoiliarren eremua, tartean. Horren bitartez, “ziurtatuta” dago udalaren hasierako asmoa, “herritarrentzako onuragarria izango den sistema ezartzea”. Hori horrela, egoiliarren txartela dutenentzat herri osoa izango da eremu berdea.
Eremu gorriak ere, berdin jarraituko du: “Eremu komertzialetan erosketak egin ahal izateko errotazio azkarreko aparkalekuak berdin mantenduko dira, orain arteko planteamenduarekin”. Arropaineko eta Santa Katalinako ordainpeko eremuek ere berdin jarraituko dute, eta fideltasun txartela edukitzeko aukerak ere bai.
“Errespetu falta asko”. Era berean, udalak orain arte herrian agertu diren jokabideak salatu nahi izan ditu: “Jo puntuan ipini dira herriko komertzioak, gai honetan ezelako ardurarik ez daukatenean. Esan da lekeitiarrak ez garela esker onekoak, herri diskriminatzailea garela ere aurpegiratu zaigu, eta esan da, baita ere, lekeitiarrok udatiarren eta turisten kontra gaudela”. Errespetu faltak eta gezurrak “asko” izan direla salatu dute: asko ez ezik, baita “gehiegi” ere. Beste behin ere, gogorarazi dute aparkaleku sistema berria herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin egin zutela, eta gaia “nahasteko” intentzioa egon dela “hasiera hasieratik”. Ondorioz, argi adierazi dute kritikak eta desadostasunak erakustea zilegi den arren, “arduratik eta errespetutik” egin behar direla.