500 markina-xemeindarrek baino gehiagok ikusi dute Emakumezkoen Txapeldunen Ligako garaikurra
Markina-Xemeingo Udalaren osoko bilkura aretoan egon zen atzo [maiatzak 17] garaikurra; "Erantzun bikaina" eduki du.
Artibai FT-ko neskek ilusioz atera zuten argazkia kopagaz. Aste bete baino ez da falta maiatzaren 25erako. Itxaronaldiaren ostean, futbolzaleek Emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala ikusi ahalko dute. Euskaldunak ez dira gainera urrutira joan beharko: Bilboko San Mames futbol zelaian jokatuko dute partida Olympique Lyonnais eta FC Barcelona taldeetako jokalariek. Europako txapelketa garrantzitsueneko irabazleek altxatuko duten kopa gertutik ikusteko aukera eduki zuten atzo [maiatzak 17] Markina-Xemeinen.
Udalaren osoko bilkura aretoa izan zen 10 kilo pisatzen dituen zilar esterlinazko garaikurra ikusteko erakusleihoa: bertatik 500 markina-xemeindarretik gora pasa ziren. “Erantzun bikaina” izan zuen erakusketak, batez ere arratsaldez. Azaldu dutenez, errekorra Elorrion hautsi dute, baina Markina-Xemein ere ez da urrun ibili: “Elorriok 7.000 biztanle inguru ditu, eta 650 lagun inguru etorri ziren kopa ikustera. Markina-Xemeinek, berriz, ia 5.000 biztanle ditu eta 500 lagunetik gora etorri dira”.
