Antxoa Eguna indartsu dagoela erakutsi dute ondarrutarrek
Antxustegi sendiako kideek jaso dute Zilarrezko Antxoa, eta eskerrak emateagaz batera, ondarea zaindu egin behar dela adierazi dute: "Ondarroa ekoizlea izan da arrantzan, baina zaintzailea ere izan behar du. Bai ondarea, bai izaera eta bai paisaia zaindu behar ditu. Hau denona eta denontzako da".
Egun preziatua dute ondarrutarrek Antxoa Eguna, eta gaurkoan [maiatzak 18] ere hala erakutsi dute herritarrek: Alde Zaharra goraino bete dute, goizean goizetik. Bat baino gehiago eguraldiaren beldur zen arren, 11:00ak jo orduko eguzkitan jo dituzte hiru turrunak, eta hala, hasiera eman diete jaiari eta antxoa dastaketari.
Auzolana oinarri, pintxoak nonahi eskuratu ahal izan dira, postu nahiz tabernetan. Guztira 500 kilo antxoatik inguru erabili dituzte; 1000 pintxotik gora saldu dituzte tabernetan, eta 3500etik gora, berriz, postuetan. Pixapeko kideak, esaterako, lau egunez aritu dira lanean: guztira 1200 kroketa egin dituzte, eta 14:30ak ingururako denak agortu dituzte. Kroketez gain, herriko elkarteek hamaika modutara prestatu dituzte antxoak. Arranondok, esaterako, antxoak tenpuran egin ditu; Eskilintxarrik, antxoak ojaelan, Galizia Etxeak budina eta enpanadillak egin ditu; Gau Hontzak, antxoak pla-pla erara. Era berean, herriko 26 tabernatan ere pintxoak banatu dituzte.
Antxustegi familia ere ez da urrun ibili goizean, eta 14:00etarako denak elkartu dira Ondarroako Udalak eman dien Zilarrezko Antxoa jasotzeko. Herri eta itsas ondaroa gordetzeko egindako lanarengatik eta borrokarengatik jaso dute herritarrek eta udalaren aitortza. Beste hainbat arrazoiren artean, Antxustegi Berria txalupa berreskuratzeko egindako lanarengatik jaso dute Zilarrezko Antxoa: “Ondarroako Arriola ontzioletan eraiki zen 1958an, eta 1997an familiak Itsasmuseumari eman zion. 2018an hasi ziren berreraikitzen, eta 2025era arte ez dute proiektua amaituko. 65 urteko itsasontzia da, 20 urte iraun zezan eraiki zena”.
Antxustegi Berria, edo Gure Señoriti, euskal itsas ondarearen “elementu garrantzitsua” dela azpimarratu dute: “Gure Señoritik itsasontziaz hitz egiten du, Antxustegi-Badiola familiaz, Juan Antxustegi eta Dominika Badiola erreferentetzat hartuta, Ondarroako portua atzeko oihaltzat hartuta”. Hala, eskerrak emateagaz batera, familikoek hartu dute hitza: “Ondarea denon onurarako da, eta Ruper Ordorikak esaten duen bezala: Zaindu maite duzun hori. Zaintzea gure ardura da. Ondarroa ekoizlea izan da arrantzan, baina zaintzailea ere izan behar du. Bai ondarea, bai izaera eta bai paisaia zaindu behar ditu. Hau denona eta denontzako da”.
Musika, nahi beste. Pintxoak nahi beste egon diren bezala, musika ere halaxe egon da. Kantaizek eta musika bandako kideek txandakatuz hainbat abesti eskaini dituzte; izan da, tartean, abestiekin hunkitu denik ere. Era berean, umeek ere eduki dute euren tartetxoa: Yolanda Loiraren umeen abesbatzak abestu du, akordei taldeagaz batera. Gainera, egunagaz ezin hobeto amaitzeko, erromeria egongo da Musika plazan, Urrats taldearekin.