Zesta-punta eraldatzeko asmoa duen txapelketa, hastear
Jon Zabala 'Bullet' puntista markina-xemeindarrak Bullet Teams Series by Guuk txapelketa aurkeztu du Markina-Xemeingo Uni frontoian. Sei kapitain, sei talde, sei jokalari eta sei 'influencerrek' parte hartuko dute, sei partidatan; lehenengoa maiatzaren 26an izango da, Bilbon.
Zalantzarik barik, Euskal Herriko izen handiko puntista askoren etxea izan da Markina-Xemeingo Uni frontoia; atzo [maiatzak 17], aldiz, puntisten elkargune bihurtu zen. Jon Zabala Bullet markina-xemeindarra ardatz hartuta, Bullet Teams Series by Guuk txapelketa aurkeztu zuten bertan: Euskal Herriko zesta-punta erdiprofesionaleko lehenengo liga mistoa.
Gogotsu eta ilusioz ekin zieten txapelketa aurkezteari Zabalak, Juanan Goñi Guukeko zuzendari nagusiak eta Iñigo Kaltzakorta karbonozko eta zuntzezko xisteren diseinatzaileak, Marc Alonso stremerraren gidaritzapean. Zabalak adierazi duenez, zesta-puntak azken urteetan izan duen biziberritzeari lagundu nahi izan dio txapelketagaz, eta baita, gazteen artean interesa eta zaletasuna piztu ere
Horretarako, ohikoetatik apur bat urruntzen diren osagaiak ditu esku artean puntista markina-xemeindarrak, “tradizioa eta berrikuntza” uztartzeko asmoz. Alde batetik, taldeak mistoak izango dira, “puntista gazteei ikusgarritasuna emateko modu gisa”. Bestalde, partida guziak Twitch bidez emango dituzte Alonsoren gidaritzapean; partida bakoitzaren aurretik jokalariek abiadura erronka batean parte hartuko dute, eta zuzeneko bozketa egingo da egun horretako jokalari onena aukeratzeko. Azkenik, Kaltzakortak diseinatutako xisterak erabiliko dituzte: “Orain arte inor ez da ausartu halakoak txapelketetan erabiltzera, nahiz eta erakustaldiren batean erabili diren. Publiko berria lortzeak gauzak beste modu batera egitea eskatzen du”.
Sei talde, sei kapitain. Sei zenbakia izango da txapelketako erritmoa markatuko duena: sei pilotaleku, sei talde, sei kapitain, sei jokalari eta sei influencer. Zabala, nola ez, taldeetako kapitainetako bat izango da: Arai-Naroa, Salegi-Bixente eta Antxon-Danel bikoteek osatutako taldea gidatuko du. Aritz Erkiaga ispastertarra Urreisti-Manci, Zelaia-Ekhi eta Elaia-Maialen bikoteen ardurapean egongo da. Aaron-Tambo, Ibarluzea-Bailo eta Maite-Olaia, berriz, Julen del Rio atzelari gasteiztararren eskuetan egongo dira. Jean Olharan, aldiz, Urrutia-Portet, Libois-Caparrus eta Frida-Sorozabal bikoteen entrenadorea izango da. Gernika-lumotarrak ere ez dira faltako txapelketan: Xabier Barandikak Arbe-Atain, Basterra-Oier eta Helena-Maia bikoteak gidatuko ditu, eta Diego Beaskoetxeak, Erika-Alize, Leke-Unda eta Benetrix-Oujenard.
Hala, Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkaririk ez da faltako txapelketetan. Lehenengo partida, hain zuzen ere, maiatzaren 26an jokatuko dute, Bilboko Club Deportivo pilotalekuan. Hilean partida bana jokatuko dute, urriaren 26an Markina-Xemeinen amaitzen den arte; ekainaren 16an Biarrizko Jai Alai frontoian jokatuko dute; uztailaren 11an, Iruñeko Labriten; uztailaren 27an, Gasteizko Olabe pilotalekuan; eta irailaren 28an, Zumaiako Aitzuri frontoian. Sarrerak salgai daude bulletteamseries.eus webgunean, 5 euroren truke; egunean bertan ere erosi ahalko dira lehiatilan, 8 euroren truke.
Partida guztiak Twitch bidez emango dituzte
Taldeetako bakoitzak kapitain bat izango duen bezala, komunikazio lanetan ariko diren influencerrak ere bidelagun izango dituzte. Zabala Seletagaz elkarlanean ariko da; Erkiaga, Ainhoa Etxebarriagaz; Del Rio, Lur Errekondogaz; Beaskoetxea, Iñigo Vicensegaz; Barandika, David Secogaz; eta Olharan, Oihana Fernandez de Barrenagaz.
Etorkizuneko xistera. Zesta-puntaren mundua irauli zuen xistera diseinatu zuen 2014an Kaltzakortak, eta orain arte harekin inoiz jokatu ez den arren, Bullet Teams Series by Guuk txapelketa errekorrak hausteko aukera ezin hobea izango da: “2020an Iñaki Osa Goikoetxeak munduko abiadura errekorra hautsi zuen saski horrekin, baina orain arte ez da jokatu harekin”. Hala, karbonozko xistera erabiliko dute jokalariek: “Zesta horrek tradizionalaren tankera bertsuan funtzionatzen du kantxan, baina gogorragoa da, pieza zurrunagoak erabiltzen baititu eta ez baitauka ehunik”.
Tradizionalak beste pisatzen duen arren, erabileraren edo hezetasunaren ondorioz ez du galtzen ez formarik, ez indarrik. Era beran, pilotari bakoitzaren lehentasunetara egokitzeko aukera ere ematen du, eta diseinua pertsonalizatzeko ere hainba aukera ematen ditu; gaineratu dutenez, xistera tradizionalak baino merkeagoak dira.