Plaza bete jende batu du Munduko Arrozak ekimenak
Mutrikuko Kultur Aniztasunaren ekimenaren baitan antolatutako Munduko Arrozak ekimenak harrera oso ona izan zuen zapatuan [maiatzak 18].
Zapatuan [maiatzak 18] Mutrikuko Kultur Aniztasunaren Astearen ekimenik esanguratsuenari heldu zioten eta arrakasta handia izan zuen. Munduko Arrozak ekimenak bederatzi herrialde elkartu zituen Goiko Plazan eta herritarren arteko interakzioa sortzea helburu ipinita, harremanak sortzeko gune bilakatu zen.
Senegal, Bulgaria, Peru, Kolonbia, Honduras, Maroko, Bolivia, Nikaragua eta Euskal Herria. Bederatzi herrialde eta bederatzi postu egon ziren, bakoitza bere gastronomiaren eta kulturaren erakusgarri. Asko eta asko izan ziren plazara hurbildu ziren herritarrak eta antolatzaileak oso pozik agertu dira ekimenak edukitako erantzunarekin. “Oso ondo joan zen ekimena. Jende asko gerturatu zen Goiko Plazara eta bete egin zen plaza eguerdirako”.
Gastronomia jendea erakartzeko bide bilakatu zen, janari guztia amaitu baitzen. Gainera, aurten, eskolarekin bateratu dute ekimena eta haurren jolasak eta dantzaldiak ere egin zituzten. “Munduko jolasak ekimenean parte hartze handia egon zen eta eskolako haurrek herrialdeei eskainitako agurra ere oso polita izan zen”.
Ekimenak harrera oso ona izan zuen eta antolatzaileek ekimenaren lehenengo balorazio “oso positiboa”egin dute. Hala ere, batzarra deitu dute parte hartzaileen iritziak jaso eta datorren urtera begira egin daitezkeen hobekuntzak jasotzeko asmoz. “Lehenenengo sentipena oso positiboa izan da ekimenean parte hartu dutenen aldetik, oso pozik geratu zen jendea eta eskerrak ematen idatzi baitute. Baina zerbait egongo da hobetzeko eta batu egingo gara balorazio sakonagoa egiteko”.