640 kiloko Euskal Herriko Txapelketa hasi dute
Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da zapatuan [maiatzak 25], 17:45ean, Azkoitin.
Lur gaineko sokatira txapelketak martxan hasi ziren hil hasieran, eta jada bigarren txapelketaren lehenengo jardunaldian murgilduta daude. 680 kiloko Euskal Herriko lur gaineko Sokatira Txapelketa Lea-Artibai eskualdeko herrietan jokatu ostean, 640 kiloko txapelketa hasi zen zapatuan [maiatzak 18] Debako zumardian.
Zazpi taldek parte hartu zuten zapatuko kanporaketan: Gaztedi A, Goiherri, Akelarre, Gaztedi B, San Jeronimo, Saturraran eta Mutriku. Zerua aterri mantendu zen, eta lurzorua sokatiran eroso egiteko baldintzetan aurkitu zituzten tiralariek. Lehia estuaren ostean, Gaztedi A taldea nagusitu zen 7 punturekin, Goiherri taldekoak, ostera, puntu eskas batera geratu ziren (6 puntu). Akelarre eta Mutriku puntuz berdinduta geratu dira sailkapenean, 4,5 puntu eskuratuta. Bosgarren postuan, Mutrikuko San Jeronimo taldea 2,5 punturekin, eta seigarrenean Gaztedi B. Jarraian, Saturraran taldea puntu 1ekin.
Lehenengo jardunaldia igarota, bigarrenari heltzeko prest daude mutrikuko hiru taldeak, eta hain zuzen ere, zapatuan helduko diote bigarren jardunaldiari; zapatuan [maiatzak 25], 17:45ean, Azkoitin.