Eskola jazarpena eta ziberjazarpena, hizketagai
Ianire Jaio psikomotrizistak hitzaldia eman zuen atzo [maiatzak 21] Markina-Xemeinen.
Hainbat markina-xemeindar elkartu ziren atzo [maiatzak 21] eskola jazarpenaren eta ziberjazarpenaren inguruan hausnartzeko. Bekobenta eskolako Oizpe guraso elkartearen eskutik, Ianire Jaioren adituaren hitzaldia entzuteko aukera eduki zuten herritarrek kultur aretoan; izan ere, Jaio Alboan psikoguneko psikomotrizista da.
Hala, gaiaren inguruan hausnartzeko espazioa sortu zuten bertan. Jaiok azaldu zuenez, gero eta ume gehiagok dute eskola jazarpeneko esperientziaren bat, eta hitzaldiaren helburua ume horiek aztertzea izan zen. Hain zuzen ere, zerk eroaten duen ume bat beste ume batzuk jazartzera. Hori horrela, Jaiok argitu zuen norbait jazarpen egoera bat bizitzen ari denean, lehenengo pausoa hura gertatzen ari dela onartzea dela: “Arazoei ez zaie ez ikusiarena egin behar, eta arduraz bizi behar ditugu”.
Ume batek beste bat jazartzeko arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen aztertzerakoan, arrazoi horiek “anitzak” izan zitezkeela azaldu zuen: “Besteak beste, jazarpena egiten duten umeek muga nahikorik ez dute, edota gurasoen indarkeriaren lekuko izan dira. Eraso egiten duten ume asko erasotuak izan dira, eta ahul daudelako erasotzen diete besteei”.
Ziberjazarpena. Era berean, ziberjazarpenaren gaiari ere heldu zieten solasaldian. Interneteko anonimotasunak besteei erasotzea erraztu egiten duela esplikatu zuen, eta horren ondorioz, gehiago ematen dela. Gaineratu zuenez, “gurasoek adi” egon behar dute euren seme-alabek sarean zertan diharduten gainbegiratzen; adi egon behar duten arren, seme-alaben espazioa ez dutela inbaditu behar azaldu zuen, eta ekintzetan eta jarreretan arreta ipini behar dutela. Era berean, nabarmendu du lanketa bi aldeekin egin behar dela: bai jazartuak izan direnekin eta baita jazarpena egin dutenekin ere. “Askotan zerbait larria gertatu behar izaten da esku hartzeko, eta une hori iritsi baino lehen egin behar da”.