Gipuzkoako Herri Orientazioko hirugarren proba igandean, Mutrikun
Mutrikuko herrigunean ospatuko da proba, Beheko plazatik Txurruka plazara. Izen ematea zabalik dago.
Domekan [maiatzak 26] burutuko da Mutrikun Gipuzkoako Orientazioko VIII. Ligako hirugarren proba. 9:30etan irekiko da harrera gunea Txurruka plazan, udaletxe aurrean, eta antolatzaileek espazio bat prestatuko dute parte hartzaileek behar dutena bertan utzi dezaten.
10:00etan hasiko dira lehen irteerak Beheko plazatik, harrera gunetik 200 metrora, eta azken irteera 12:00etan egingo da. Beraz, partaideak txandaka aterako dira, minuturo edo bi minuturo, jende pilaketak sahiesteko. Helmuga Txurruka plazan egongo da kokatuta eta 14:00etan itxiko da. Proba herrigunean egingo da eta trafikoa irekita egongo da, beraz, antolatzaileek une oro errespetuz jarduteko deia egin dute, zirkulazio arauak errespetatuz eta bide publikoko gainerako oinezkoekin kontu handiz ibliz. Horrez gain, ingurunearekiko errespetua edukitzea ere eskatu dute.
Hiru ibilbide (gorria,laranja eta horia) edukiko dituzte eta formatu linealean egin beharko dira, hau da, ibilbide bakoitzean kontrolak egongo dira, beraz, parte hartzaileek ordena jakin batean egin beharko dute lasterketa. Ibilbide bakoitzak zailtasun maila desberdinak ditu eta horia, esaterako, orientatzen hasi nahi duten pertsona ororentzat da, desnibel eta zailtasun handirik gabe.
Helmugara iristean, SPORTident pintza deskargatu beharko dute partaideek eta honekin, txartel bat emango zaie. Bertan agertuko zaizkie ibilbide osoa egiteko behar izandako denbora eta kontrol eremu batetik bestera igarotzean egindakoa. Nahiz eta ibilbidea ez amaitu, parte hartzaile guztiek nahitaez igaro behar dute helmugatik. Horrez gain, busti daitekeen erropa eramatea gomendatu dute antolatzaileek, hainbat baliza uretan egongo direlako.
Izena emateko epea maiataren 23an, eguenean, itxiko da, 24:00etan. Beharrezkoa izango da izena ematea proban parte hartzeko eta ezingo da inskripziorik egin probaren egunean. Izena Deporticket bidez eman beharko da.