Goi-goitik ospatuko dute Txirrimorraskiren 35.urteurren jaia
Zapatuan [maiatzak 25] Ondarroako Txirrimorraski ODLTek egun osoko egitaraua antolatu du. 268 lagun batuko dira bazkarian.
Herri osoan kolorea eta jai giroa zabalduko ditu Ondarroako Txirrimorraski ODLTren 35. urteurren jaialdiak. Zapatuan [maiatzak 25] bestelako aisialdi eredu baten alde hasitako taldeak egindako ibilbidea ospatu, herritarrekin elkarbanatu eta posible egin dutenei eskertzeko tartea hartuko dute.
11:00etan emango diote hasiera jaiari Elixopean eta herritarrei hurbiltzeko deia egin diete. “Hurbildu nahi duen guztiei etortzeko gonbitea luzatzen diegu”. Behin txupina jaurtita, ekimenik ez da faltako. Goizean, kirol ekintzak egingo dituzte hondartzan, errekan eta Itsasaurren kokatuko duten Jolas Gunean. Eguerdian, ostera, Artelanen eskutik kalejira abiatuko dute, portutik hasi eta herria zeharkatuko dute Zaldupeko zubira ailegatu arte. Zaldupe eskolako jolastokia bilakatuko da eguerdian mahai inguruan batzeko gunea. Haur, gazte zein nagusi; begirale, begirale ohi eta Txirrimorraskitik igaro direnen artean 268 lagun batuko dira.
Bazkalostean Nerea Gartzia izango da giroa ipintzeko ardura izango duena, eta ostean, karropoteoa abiatuko dute Musika Plazara. Bertan bilduko baitira arratsalde, iluntze eta gaueko hitzorduak. Mamarratxosnarekin irekierarekin batera, musika bilakatuko da protagonista nagusia. Bide Batez erromeria, The Ingles taldea eta DJ Jusef igoko dira oholtzara eta herria dantzan ipintzeko helburua edukiko dute. Gainera, txosnan afariak ere emango dituzte. “Afariak ematen hasiko gara 21:00etan Mamarratxosnan”. Egitarau bete-betea edukita eta herritarrei parte hartzeko gonbita luzatuta, jai giroari heltzeko prest daude antolatzaileak.
EGITARAUA
- 11:00. Txupinazoa, Elixopean.
- 11:30-13:30. Kirol ekintzak hondartzan eta Jolas Gunea Itsasaurren.
- 13:30. Kalejira, Artelanen eskutik.
- 14:30. Bazkaria, Zaldupen.
- Bazkalostean. Nerea Gartziaren eskutik bazkalostekoa.
- 18:15. Karropoteoa, Zaldupetik Musika Plazara.
- 19:00. Mamarratxosnaren irekiera, Musika Plazan.
- 19:00-22:00. Bide Batez erromeria.
- 21:00. Afariak, txosnan.
- 23:00-00:30. The Ingles.
- 00:30. DJ Jusef