'Hona Bostekoa!' komiki erakusketa Ziortza-Bolibarrera helduko da
Bihartik [maiatzak 24] datorren barikura arte [maiatzak 31] ikusgai egongo da erakusketa Simon Bolivar museoan.
Geuretik Sortuak ekimenak eman dituen fruituak ugariak izan dira beste behin ere, eta horren erakusgarri da eskualdeko herriak zeharkatzen ari den erakusketa ere. Hona Bostekoa! erakusketa Ziortza-Bolibarrera helduko da oraingoan; barikutik [maiatzak 24] datorren asteko barikura arte [maiatzak 31] erakusketa ikusgai egongo da Simon Bolibar Museoan. Martitzenetik barikura 10:00etatik 13:00etara, eta zapatu eta domekan 12:00etatik 14:00etara ikusi ahalko da erakusketa.
Aurtengo Geuretik Sortuak dinamikako berritasuna, hain zuzen ere, komikigintza izan da; lehendabiziko aldian literatura, antzerkia eta zinema landu zituzten. Hala, berritasun honen emaitza ikusi ahalko da Ziortza-bolibarren. Bertaratzen direnek bost komikilarik idatzitako komiki bilduma ikusi ahal izango dute; idazleetako bakoitza Euskal Herriko herri batean egon da komikia lantzeko, eta ostean denak elkartuta argitaratu dute bilduma. Hala, Unai Gaztelumendi Leitzan eta Berastegin egon zen Harresia idazten; Eñaut Aiartzaguena Amasa-Villabonan, Gure Basoak idazten; Kote Camacho de Miguel Bergaran, Txillardegi Bergaran lantzen; Aritz Ibarra Sara, Beran, Lesakan eta Urruñan, Aldaxka pozoituak idazten; eta Iñaki Mariarena ‘Mattin’ Usurbilen, Handantza idazten. Antolatzaileek jakinarazi dute liburua erosteko aukera ere egongo dela bertan.