Akerbeltzen eskutik Mutrikutik mundura jauzia emanda
Xiri Andonegi mutrikuarrak egindako Akerbeltz erraldoia Veneziako Nazioarteko Arte Biurtekoan ikusgai dago, Belgikako Petticoat Goberment kolektibo artistikoaren erakusketan.
Euskal mitologia, euskal kultura eta euskara oinarri hartuta, erraldoiak egiteko proiektua amestu, gorpuztu eta errealitate bilakatu zuen Xiri Andonegi mutrikuarrak. Herriaren mugetatik kanpo atera eta munduari erakustea zen bere ametsetako bat, eta lortu ere egin da. Mutrikuko Akerbeltz erraldoia mundu mailako oihartzun ukaezina duen Veneziako Nazioarteko Arte Biurtekora ailegatu baita.
Artea eta arkitektura uztartzen dituen Belgikako Petticoat Goberment kolektibo artistikoak munduko hainbat erraldoik osatutako diziplina anitzeko artelana osatzeko proiektua aurkeztu zuen, eta aukeratuak izan ziren Veneziako Biurtekoan parte hartzeko. Zehazki taldeko kide baten zaletasunetik abiatu zen proiektua, eta Mutrikuko Erraldoi eta Buruhandien Taldearengana ailegatu zen. “Taldeko kide bat erraldoien zale amorratua da, eta erraldoiak aukeratu zituen proiektua osatzeko, herriarekin duten loturagatik, egiten duten errepresentazioagatik eta barnebiltzen duten balore historikoagatik”.
Proiektuarekin martxan hasi ziren belgikarrak. Mundu osoko erraldoien bilaketa zehatza egin zuten eta Mutrikuko erraldoiarekin topo egin ere. “Erakusketako erraldoiek animaliaren eta gizakiaren arteko sinbologia zuten pertsonaiarekin osatu nahi zuten eta Akerbeltzen topatu zuten nahi zuten hori”.
Akerbeltz nahi zuten eta taldeak, udalak zein Xiriren familiak baiezkoa emanda, Akerbeltz Veneziara eramateko erronka abiatu zuten.
30 erraldoien aurre-aukeraketa egin zuten eta taldearekin harremanetan ipini ziren posta elektronikoz, taldearen ezuste bezain harridurarako: “Hasiera batean adarra jotzen ari zirela uste genuen, Veneziako Nazioarteko Biurteko erakusketan parte hartzeko Akerbeltzengatik galdetzen idatzi zigulako belgikar batek. Ez zuen benetako zerbait ematen”. Taldearen aldetik baiezkoa ziurtatu ostean, martxan jarri ziren. Aukeraketa eginda zegoen; Akerbeltz nahi zuten eta taldeak, udalak zein Xiriren familiak baiezkoa emanda, Akerbeltz Veneziara eramateko erronka abiatu zuten. Erraldoia eramateko aukera ezberdinak zeuden, azpiegitura kontuan izanda: “Erraldoiak ia 4 metro ditu, hortaz, buruhaustea zen nola eraman erabakitzea. Hainbat aukera aztertu ostean, geuk eramatea erabaki genuen. Bizitzan behin gertatzen dira horrelakoak”. Erraldoiaren burdinazko egitura moztu, eta furgoneta txikiago batean eramatea erabaki zuten; martxoaren 7an Mutrikutik atera ziren Gorka Arreitunandia, Arkaitz Arrizabalaga eta Mikel Iñarrairaegi.
Mutrikutik Veneziara.Europan barrena bidaia luzea zuen aurretik hirukoteak. Astebeteko abentura ederra. Hainbat geldialdi egiteko aprobetxatu zuten bidaia: Cascasonen, Alpeetako herri txikietan… “Erraldoia ateratzeko aprobetxatu genuen eta, ateratzen genuen bakoitzean, jendearen arreta geureganatzen genuen”. Lago de Resin batu ziren gainontzeko erraldoiekin eta izurgarrizko muntaia zegoela aitortu dute. Baina mutrikuarrek ondo baino hobeto kontrolatuta dute Akerbeltzen muntaia, eta, hortaz, ikuskizunaz gozatzeko aprobetxatu zuten. “Gainontzeko erraldoiak muntatzen ari zirela haiei begiratzen geunden, nolako egiturak zituzten ikusiz. Baina antolakuntzakoak urduri samar zeuden gu geldi ikusita eta, haien lasaitasunerako, muntatzen hasi ginen. Harrituta geratu ziren denbora gutxi behar genuela ikustean”.
Akerbeltz belgikarren eskuetan ondo geratu zen Venezian, eta erakusketa azaroaren 24a bitartean ikusteko aukera dago. Behin amaituta, bueltako bidaia hasiko da, baina beste modu batera. “Antolakuntzako batzuk maitemindu egin ziren Akerbeltzez, denen artean ezberdinena baita, eta artistetako batek ekarriko du Mutrikura, herria ezagutu nahi baitu”.
“Garrantzi hori eman diote gure hizkuntzari eta nabarmentzekoa da. Oso gustura gaude, euskararen eta gure kulturaren mezua ezagutzera emateko instrumentu ona bilakatu da”.
Euskara mundura. Herrira mugatu beharrean, kanpora zabaltzea zen Xiriren nahia, Euskal Herrian ezagutzera emateko. “Xiriren nahia zen zabaltzea baina, seguruenik, ez zuen espero mundu mailan izatea. Nondik gatozen ezagutzera emateko aukera da, Europa mailan, zein mundu mailan”. Mutrikutik Veneziarako jauzia, gainera, ez da edozein modutan egin, euskarak ere mugak gainditu eta bidaia egin baitu Akerbeltzekin batera. “Aipatzekoa da antolakuntzaren aldetik jaso dugun detailea; hartu emanetan egon garen denbora osoan euskaraz bidali dizkigute posta elektroniko guztiak. Garrantzi hori eman diote gure hizkuntzari eta nabarmentzekoa da. Oso gustura gaude, euskararen eta gure kulturaren mezua ezagutzera emateko instrumentu ona bilakatu da”.