Beheko Plaza dantzarako eszenatoki bilakatuko da
Zapatuan [maiatzak 25] 19:00etan batuko dira Mutrikun, Plazako dantzekin gozatzeko. Ekainaren 8an finkatu dute Dantza Eguna.
Mutrikuko Beheko Plaza doinuz jantzi eta hankak martxan ipintzeko hitzordua zehaztu dute zapatuan [maiatzak 25]. Gure Ametsa Dantza Taldeak antolatutako ekimenak 50 lagun inguru batuko dituela ziurtatuta dute, baina dantzan egin nahi duen herritar zein edonori luzatu diote hurbiltzeko gonbidapena.
19:00etan emango diote hasiera ekimenari Beheko Plazan. Plazako dantzak erdigunean ipini eta fandangoa, arin arina, larrain dantza, herri dantza, zazpi jauzi eta jauzi berri batzuk ere egingo dituzte. Helduentzako ikastaroa antolatu eta burutu dute, hortaz, bertan parte hartu dutenak plazaratuko dira, baita aurreko urtetan parte hartu dantzariak ere.
Zapatukoa helduek ikasitakoa plazaratu eta nahi duen orok bat egiteko gonbidapena da, eta ekainaren 8an, ostera, umeekin egin ohi duten ekitaldia finkatu dute. Dantza Egunak aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, errepikatu egingo baitute.