Burrundada Eguna, herriko rock musika plazaratzeko prest
Lekeitioko Burrundada Musika Elkarteak hirugarrenez antolatu du Burrundada Eguna. Etzi [maiatzak 25] izango da egun handia: herriko lau taldek eta Euskal Herriko bik hartuko dute oholtza.
Metal, rock, trash-metal eta antzeko doinuez beteko da Lekeitio zapatuan [maiatzak 25]: hirugarrenez, Burrundada Egunak hartuko ditu herriko txoko guztiak. Helburua herriko rock taldeei irteera eta ikusgarritasuna ematea izanik, herrian egiten den rocka plazaratzeko erakusleiho paregabea bihurtu da Burrundada Eguna. Hain zuzen ere, bertoko taldeei ematen diete lehentasuna antolatzaileek, kanpoko talderen bat edo beste ekartzen saiatzen badira ere. Hori horrela, aurtengoan joko duten sei taldetatik lau herrikoak izango dira.
Metal eta rock doinuetatik apur bat urrunduz, goizean kontzertu “akustikoagoak” egongo direla azaldu dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, lekeitiarrek estreinatuko dute eguna. 12:30ean hasiko da lehenengo kontzertua, Nabil, udaletxeko eskaileratan: Unai Egiak urtarrilean aurkeztu zuen bere azkenengo EPa, Margolana, eta beste hainbaten artean, disko berriko bost kantuak ere entzun ahalko dira. Jarraian, gelditzeko astirik barik, Lekeitioko Drunk Smile taldeak hartuko du mikroa.
Eguerdiko musikaldiaren ostean, iluntzean ekingo diete kontzertuei berriro ere. Lekittoko Gazte Asanbladarekin elkarlanean, gaztetxean emango dituzte iluntzeko kontzertuak. 19:00etan Lekeitioko talde berri baten lehenengo kontzertua ikusteko aukera egongo da: Slavers. Euren ostean beste lekeitiar batzuek hartuko dute oholtza: trash metal doinuz beteko dute gaztetxea Didar taldekoek.
Gauean, berriz, Lekeitioko musikariak ikusentzuleen artean egongo dira, eta bi kontzerturekin gozatzeko aukera edukiko dute. Kontzijopea beteko dute 22:30etik aurrera Bermeoko Kruddö taldeak eta Doneztebeko Dama taldeak; sarrera 3 euroren truke erosi ahalko da.
Zailtasunekin, aurrera. Slavers taldeko kideak ilusioz daude euren musika herrian plazaratzeko. Beñat, Etxaun, Egoitz eta Mikel elkartu, eta taldeko batzuk duela pare bat urte martxan hasi ziren arren, urtebetera osatu zuten taldea: “Urtean zehar aldaketa asko eduki ditugu, baina azkenean formazio honekin geratu gara”. Azaldu dutenez, taldea egiteko “zailtasun apur bat” eduki dute: “Nahiko gazteak gara, ez daukagu esperientzia askorik, eta jotzen duguna ez da gaur egungo musika”. Hala ere, zailtasunak zailtasun, euren lehenengoko abestia argitaratzea lortu dute: Inoren menpe. Zapatuan euren abesti berria eta beste hainbat joko dituzte herritarren aurrean.