Elkartasun egunean elkartuko dira markina-xemeindarrak
Egun osoko egitaraua prestatu du Markina-Xemeingo Sarek, etxetik urrun dauden iheslari eta deportatuei elkartasuna adierazteko. 90 lagun inguru elkartuko dira bazkaltzeko.
Dispertsio politika amaitu bada ere, preso iheslari eta deportatuek bere horretan jarraitzen dutela aintzat hartuta, Elkartasun Eguna antolatu du Markina-Xemeingo Sarek etzirako (zapatua, maiatzak 25).
“Preso iheslari eta deportatu horiek sostengu eta elkartasun bera edo gehiago behar dute gaur egungo egoera berri honetan, helburua denak etxean izatea delako”, azaldu dute Sareko kideek. Hala, egun osoko egitaraua prestatu dute, etxetik urrun dauden horiei elkartasuna adierazteko, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
11:00etan jarri dute hitzordua Arkupean, handik mendi irteeran Akarregira joateko. Ordubeteko ibilbidea egitea aurreikusi dute, 12:00etan elkartasun argazkia aterako baitute tontorrean.
Gero, txoko kanpoan egingo duten bazkarian elkartuko dira 90 lagun inguru, eta paella jan ostean, Miren Amuriza Plazaren eta Xabat Galletebeitia Arabaroaren bertso saioagaz gozatzeko aukera izango dute.
Eguna biribiltzeko, poteo musikatua egingo dute herriko kaleetatik.