Itxas Soinua Musikaldia goitik behera eraldatuta dator
Lekeitioko Itxas Soinua Nazioarteko Musikaldia eraberrituta dator aurtengoan: besteren artean, musika estilo anitzagoa entzuteko aukera egongo da, eta abuztutik uztailera pasako dute musikaldia.
Gero eta arinago doan munduan, beharrezkoa da eraberritzea, eraldatzea eta munduari betaurreko berriekin begiratzea. Ondo baino hobeto ulertu dute hori Itxas Soinua Nazioarteko Musikaldia antolatzen dabiltzan Oihana Etxabek eta Mikel Gabiolak, eta Lekeitioko musikaldiaren 44. edizioa 360 graduko aldaketa eginda dator.
Aurtengo edizioa izango da lehenengo aldia Martin Ibarrolaza ikusleen artean egongo dena, «urte pilo bat» antolaketan aritu ostean. Iaz heldu zitzaion Etxabe mutrikuarrari Ibarrolaza ordezkatzeko proposmena, eta baiezkoa eman ostean, Gabiola leketiarrarekin taldea osatuta antolatu du aurtengoa.
Argi zeukaten biak ala biek ere, muskaldiari itzuli bat eman nahi ziotela. Esan, eta egin. Aurtengo musikaldia goitik behera aldatuta helduko da Lekeitiora, baina bere esentzia galdu barik. Aldaketak, gainera, ez dira izango edonolakoak: aurreko musikaldiak aztertu dituzte, eta hari horri tiraka egingo dituzte aldaketak.
Alde batetik, gazteek ez zeukatela ohiturarik musikaldira joateko: «Horregatik, erabaki genuen buelta bat eman behar zitzaiola. Orain arte musika klasikoa, lirikoa, abesbatzak… izan dira ardatzak, eta oso ondo daude, baina pentsatu genuen gazteak musikaldira etortzeko beste zerbait behar zela». Hori horrela, aurtengo musikaldia anitzagoa izango da estilo aldetik.
Horretarako, bi zatitan eta tokitan banatuko dute musikaldia: Gau Klasikoak eta Gau Modernoak. Gau Klasikoetara musika klasikoarekin edo folklorikoarekin lotura duten taldeak ekarriko dituzte, eta Andra Mariaren Zeruratzearen Basilikan izango dira kontzertuak. Gau Modernoetarako, berriz, eliza ez zela toki egokiena pentsatu zuten: «Ikusi genuen eliza agian ez zela Gau Modernoetarako espazio egoki bat, sonoritate aldetik oihartzuna dagoelako». Horregatik, musikaldiari toki berri bat gehitu, eta Gau Modernoak Ikusgarri Zinema Aretoan egingo dituzte.
“Ikusgarritasuna emateko sare sozialak indartu eta web orri bat sortu dugu”
Estilo eta toki berriak ez ezik, datak ere, bestelakoak izango dira: «Orain arte abuztuan egin izan dugu musikaldia, baina, aurtengoan uztailean egingo dugu. Udalarekin harremanetan jarri ginen, eta esan ziguten azken urteetako tendentzien arabera, uztailean jende gehiago egoten dela herrian: kanpotarrak egoteaz gain, herritarrak ere gehiago egoten dira». Era berean, Itxas Soinuaren sustraietara jo nahi izan dute Etxabek eta Gabiolak: «Itxas Soinuaren jatorria abesbatza da, Itxas Soinua Abesbatza; oso maila altuko abesbatza zen. Azken urteetan ezinezkoa izan da abesbatzak ekartzea musikaldira, abuztuan egiten zelako eta gehienak ezin zirelako etorri».
Horregatik, abesbatzak ekartzeko aukera eduki eta herritarrei musikaldia gerturatzeko asmoz, Gau Klasikoak uztailaren 19an, 20an eta 21ean egingo dituzte, eta Gau Modernoak, uztailaren 25ean eta 26an. Hala, 19an Euskadi Brass entzuteko aukera egongo da; 20an, Oiasso Kamerata; 21ean, Vocalia Abesbatza; 25ean, Aldapeko Basque Latin Jazz; eta 26an, Xahu Quartet. Lehenengo bi kontzertuak 22:00etan izango diren arren, gainontzekoak 20:00etan izango dira, bakoitza dagokion tokian.
Bazkide izateko aukera. Musikaldiak berak izango dituen aldaketez gain, sarreretan ere aldaketak egongo dira: «Orain arte beti fisikoan saldu izan dira kontzertuan bertan, eta prezio berdina eduki dute kontzertu guztiek. Diagnostiko bat eginda, ikusi dugu talde bakoitzak ordainsari desberdina eskatzen duela; pentsatu dugu horrekin jokatu behar genuela, eta horregatik, prezio orokorra igo egin da aurrekoekin alderatuta». Hala ere, berrikuntzak eta ikusleentzako onuragarriak izango diren hainbat aukera gehitu dituzte.
Alde batetik, abonuak erosteko aukera egongo da, denak ala denak, deskontuekin: Gau Klasikoetarako abonua, Gau Modernoetarako abonua, eta kontzertu guztietarako abonua.
Bestalde, bazkide izateko aukera ere zabaldu dute: «Badaude batzuk oso fidelak direla Itxas Soinua Musikadiarekin, eta eurei nolabait eskertu eta lehentasuna emateko bazkidetza zabaldu dugu». Hainbat abantaila edukiko dituzte bazkide egiten direnek: ikusteko tokirik onenak, ilararik egin gabe sartzeko aukera eta «oparitxo bat». Hala, www.itxasoinua.com web orritik, Musikaia Musika Eskolan astelehen eta eguazten goizetan, edo Lekeitioko kultur etxean arratsaldeetan dago bazkide egiteko aukera, ekaina amaitu arte.
Web orria, martxan. Horixe da, hain zuzen ere, aurtengo beste berrikuntzetako bat: web orria. Azaldu dutenez, marka berri bat egiteko beharra nabaritu zuten, «freskotasuna eta gaurkotasuna» emateko asmoz, eta «gizartearekin gertutasun bat behar zuela pentsatuz». Hori horrela, Gabiolak hartu zuen horretarako ardura: «Ikusgarritasuna emateko sare sozialak indartu ditugu, eta web orri bat sortu dugu». Bertan, aurtengo dago aurtengo musikaldiaren inguruko informazio guztia, bai eta sarrerak, bonuak nahiz bazkidetzak erosteko aukera ere.
Bertokoa indartuz. Aurtengo aldaketez gain, aurrera begirako proiektuak ere badituzte buruan: Euskal Herriko musikari profesionalei nahiz goi mailako ikasketak egiten ari direnei euren proiektuak plazaratu ahal izateko tokia eskaini nahi diete. Hala, litekeena da datozen urteetan ere aldaketaren bat egotea.
Aurtengoari begira, baina, aldaketaz beteta datorren aldia antolatzea ez da lan erraza izaten ari antolatzaileentzat, baina «ilusio eta gogo handiarekin» daude aurtengoa heltzeko: «Erantzuna oraingoz oso ona izaten ari da; gazteak ere sartu dira laguntzera. Pozik gaude orain artekoarekin, ea aurtengoarekin aurreikuspenak betetzen ditugun».