Pablo Fdez Arrieta: "Disko oso eklektikoa da, gitarra ugari erabiltzen ditugu"
Musikari markina-xemeindarrak bederatzi abestiz osatutako bere bosgarren diskoa argitaratu du Jean Marie Ekai musikariagaz batera: ‘Nire gitartxoari’.
Gitarrarekin harreman estua du Pablo Fdez Arrieta musikari markina-xemeindarrak. Gitarrarekin baino, gitarrekin du harreman estua. Izan ere, gitarra klasikoaren doinuez gain, mota guztietako gitarra soinuak entzun daitezke bere diskoetan. Horren adierazle da argitaratu berri duen diskoa ere.
Nire gitartxoari izena jarri diozu zure azken lanari, bosgarren diskoari. Zer dela eta?
Rosalia Artola idazle oso garrantzitsua izan da euskal literaturan. Garai hartan, sufragio garaian, mundu intelektualean emakumea izatea oso gogorra zen. Nik gogo handia neukan disko berria egiteko, eta esanahi garrantzitsua izan zezakeen zerbaiten bila ibili nintzen. Diskoaren izenaz gain, abesti bati ere izen berdina ipini diot, Artolaren hitzak direlako. Aurrerago konturatu nintzen beste gitarra jotzaile batekin egingo nuela diskoa, eta, horregatik, izenburu polita izan zitekeela.
Jean Marie Ekai da zurekin batera gitarra joko duena.
Jean Marie Ekai Itoitz taldeko gitarra jotzailea zen. Nik garai hartan 18 urte inguru nituen, eta oso Itoitz zalea nintzen. Ez hori bakarrik, Ekai nire idoloa ere bazen. Ostean, bizitzak elkartu egin gintuen, eta orain oso lagun minak gara. Berarekin erdi bana egindako diskoa da, bion proiektua da, elkarrekin jotzen dugu. Abesti batzuk berak sortu ditu, eta beste batzuk, aldiz, nik.
Nola elkartu zineten diskoa elkarrekin ateratzeko?
Diskoan agertzen diren hiru abesti John Abercrombierenak dira. Abercrombie gitarra jotzaile oso garrantzitsua izan da jazz munduan, eta 2017an hil zen. Ekai eta biok Madrilen ezagutu ginen, Abercrombieren ikastaro batean, eta guretzat berari omenalditxo bat egiteko modua izan da hau. Era berean, duela urte batzuk denbora askoren ostean elkartu ginen Ekai eta biok, eta pentsatu genuen polita izango zela zerbait elkarrekin egitea eta ezagutu ginen unea irudikatzea.
“John Abercrombie musikariari omenalditxoa egiteko gure modua izan da disko hau”
Gitarra izango da protagonista, beraz. Estilo desberdinak landuko dituzue?
Diskoa oso eklektikoa da. Gitarra ugari erabiltzen ditugu: klasikoa, elektrikoa, akustikoa… Gu saltsa askotan mugitzen gara, jazz, pop, rock… Nire gitartxoari eta Evocacion abestiek letrak dituzte. Evocacionen Ekaiek jotzen du gitarra, eta Bernardo Atxagaren letrak ditu. Abeslariak ere behar genituen, eta Pauline Junquet eta Juliette Magnevasoarengan pentsatu genuen. Iparraldeko bi artista dira, eta asko gustatzen zaizkigu. Bi abesti horiez gain, gainontzeko denak musika instrumentala dira, estilo desberdinetakoak, baina, batik bat, jazz inprobisazioa.
Bederatzi abestik osatzen dute disko berria. Zein da bereziena zuretzat?
Galdera zaila. Agian, Nire gitartxoari abestia aukeratuko nuke, diskoari izena ematen dion abestia. Niretzat oso garrantzitsua izan da abesti hori. Asko kostatu zitzaidan diskoa egitea, ez nintzen gustura geratzen. Oso zaila izan zen, eta azkenean, lortu nuenean, pisu handia kendu nuen gainetik.
Zaila izan den arren, azkenean Madrilgo Karonte argitaletxeak argitaratuko du diskoa.
Bai. Berez, duela urtebete argitaratu behar genuen diskoa, baina arazo pertsonalak tarteko, bi urte atzeratu behar izan dugu proiektua. Karonte Espainiako diskoetxe garrantzitsuena da jazz munduan. Nire laugarren diskoa, Batzen gaituena, eurekin atera nuen. Disko hori atera aurretik ere harremanetan jarri nintzen eurekin, eta interesatu egin zitzaien. Oso garrantzitsua izan da guretzat, ze horrek esan nahi du diskoaren banaketa mundu guztian zehar egingo dela. Guk ez dugu dirurik ikusiko, baina plataforma digital guztietan egongo da diskoa, denda handi gehienetan, Europan, Japonian… Erakusleiho moduan guretzat oso onuragarria da diskoa eurek argitaratzea.
“Plataforma digital guztietan egongo da entzungai disko berria, baita denda handietan ere”
Azken lanetik argitaratu duzunera aldaketarik egon da egiten duzun musika estiloan?
Beti esaten dut gauza bera: niretzat diskoak egitea da nire momentu horretako egoera plasmatzea. Beraz, zer da? Eboluzioa da. Hau da nire bosgarren diskoa, eta bizitza osoa daramat esparru honetan. Argitaratu dugu jada, eta horrek orain askatasuna ematen dit beste proiektu batean murgiltzeko.
Zein izan da diskoa sortzeko prozesua?
Eguaztenetan ez dut eskolarik ematen, eta estudiora joan eta egun osoa pasatzen dut bertan. Pianoa jo, apunteak hartu, irakurri… Zirriborroak egiten ditut, materiala sortzen dut pixkanaka. Egun batean esnatuko naiz eta esango dut: ‘proiektu bat egingo dut honekin’.
Zer ematen dizu musikak?
Musikak bakea ematen dit. Mundua zelan doan ikusita, zelan eta nora goazen, ez zait batere gusatzen. Bakean bizitzeko bide bat da musika, bakean bizitzen saiatzeko. Nire baitan egotea da, eta oso beharrezkoa da niretzat, ze bestela munduak jan egiten nau.
Aurrera begira, ze asmo dituzue?
Diskoa aurkeztera Parisera joango gara, Ekai Paris eta Hendaiaren artean bizi baita. Bera ospe handiko musikaria da Parisen, eta diskoa aurkezteko toki batzuk zehaztuta baditugu. Bestalde, ni Markina-Xemeinen bizi naizen arren, betidanik Madrilen bizi izan naiz, eta asmoa daukagu han ere proiektua aurkezteko. Euskal Herrian oraindik ez daukagu ezer lotuta, baina ea lortzen dugun tokiren bat. Ez daukagu talde handi bat, eta oso erraza da proiektua mugitzea, beraz, espero dugu kontzertu gehiago ateratzea.