Urteurren ospakizun erraldoia
Gaur [maiatzak 25] Ondarroako Txirrimorraski ODLTren 35. urteurren jaialdia ospatzen ari dira, gaueko ordu txikietara arte luzatuko dena.
Txirrimorraski ODLTk 35 urte daramatza Ondarroan bestelako aisialdi eredu bat posible dela erakusten. Gaur [maiatzak 25] ostera ere agerian geratu da, azken hilabeteko ekintza bakanen ostean guztiak elkartu nahi izan dituzte jaialdi erraldoiean. Ezin izan dute 35. urteurrena gehiago eta hobeto ospatu. Herriko kaleak ezin izan dira biziago egon, Txirrimorraskikoek erakutsi baitute inoiz baino biziago daudela.
Elkartea ezin da ulertu herritarrik gabe, eta haiek izan dira gaurko protagonista nagusiak. Txupinazoagaz eztanda egin du jai giroak. “Urte guzti horien atzean boluntarioen lan handia dago, batez ere, jendearen bakarkako borondatea eta herriko haurrak izan dira arrakastaren oinarria”. Eguraldia gainera ezin izan dute lagunago izan, eguzkia eta tenperatura epelek ezin hobeto lagundu baitute giroa sortzen. Goizean, askotariko kirolak probatzeko aukera izan dute herriko txikienek. Hondartzan eta Itsasaurreko Jolas Gunean puzgarriak, voleybal eta bestelako jolasak praktikatzeko aukera izan da.
[ARGAZKI GALERIA IKUSI ZUZENEAN]
Ondarroako kaleak kolore biziz margoztu dituzte, Zaldupera arteko egin duten kalejiraren bitartez. Koloretsua, anitza, zabala, euskalduna, feminista, hori guztia baita Txirrimorraski. Taldean, gaur gaurkoz, 8 eta 12 urte bitarteko 120 haur eta 22 begirale daude. Kalejiran zeharkatu dituzte herriko kaleak, denek argi izan dezaten zer ospatzen zuten, handia delako. Buruhandiak aurretik, trikitilari eta pandero jotzaileak erdian eta erraldoiak atzetik. Denen batera osatu dute Zaldupera arteko bidea, bertan 268 lagun batu dira bazkarian.
Arratsaldean ere badago zer egin, eta asko gainera, urteurren jaialdian. Musikak hartuko du protagonismoa eta jan-edana ez da faltako Mamarratxosnan, eguna luzea baitoa. Bide Batez erromeria, The Ingles eta DJ Jusef izango dira doinua jartzeko arduradunak.
Egitaraua:
- Bazkalostean. Nerea Gartziaren eskutik bazkalostekoa.
- 18:15. Karropoteoa, Zaldupetik Musika Plazara.
- 19:00. Mamarratxosnaren irekiera, Musika Plazan.
- 19:00-22:00. Bide Batez erromeria.
- 21:00. Afariak, txosnan.
- 23:00-00:30. The Ingles.
- 00:30. DJ Jusef