100 herritar baino gehiago batu dira Frontoitik Kalera ospakizunean
Neguan zehar auzolanean frontoia zabaldu ostean, herriko kaleetara irten ziren zapatuan [maiatzak 25] bertan ibili diren ume eta gurasoak.
Frontoiko aterpea itxi, eta kaleak hartzeko ordua heldu zaie Lekeitioko ume eta gaztetxori. Izan ere, neguan auzolanean frontoiko aterpea zabaldu dute hainbat gurasok, urteetako eskariari erantzunez. Bertan, udaberriko aisialdi eskaintzaz gozatu ahal izan dute herritarrek, baina, eguraldi ona heltzear, frontoitik kalera atera dira herritarrak.
Hala, zapatuan [maiatzak 25] heldu zitzaien eguna: “Eguraldi ona dator, eta neguko denboraldiari amaiera ematea erabaki dugu, gaztetxoenak kalera, plazara, hondarrera ateratzeko”. Lekeitio “bixi-bixi” dagoela erakutsi zuten parte hartzaileek, izan ere, 100 lagunetik gora elkartu ziren ekintzetan. Nola ez, auzolana oinarritzat hartuta antolatu zituzten eguneko ekintzak. 17:30ean eman zieten hasiera egunari, aurpegi margoketagagaz. Ilusioz aurpegia margotu, eta Porrotxek oparitutako intxaurrondoan argazkia atera zuten denek. Ostean, Parkeko Gunera joan ziren denak, bertan txokolatada egin eta DJ Nairen musikagaz dantzatzeko.
Gurasoak pozik eta umeak are gehiago, “arratsalde bete-betea” pasa zuten bertaratu zirenek: “Neguan zehar lanean ibili diren gurasoak izan dira zapatua [maiatzak 25] ere lehenengo pertsonan bizi izan dutenak: auzolanaren, elkarlanaren, ilusioaren eta konpromisoaren fruitua izan da ospakizuna. Zorionak denoi!”.