90 markina-xemeindar batu dira Elkartasun Eguneko bazkarian
Zapatuan [maiatzak 25] Markina-Xemeingo Sarek Elkartasun Eguna antolatu zuen; egun osoko egitarauaren bueltan elkartu ziren herritarrak.
Etxetik urrun dauden iheslari eta deportatuei elkartasuna adierazteko asmoz, egun osoko egitarauaren bueltan elkartu ziren zapatuan [maiatzak 25] markina-xemeindarrak. Izan ere, Elkartasun Eguna antolatu zuen Markina-Xemeingo Sarek.
Dispertsio politika amaitu den arren, Sareko kideek azaldu dute preso iheslari eta deportatuek “sostengu eta elkartasun bera edo gehiago” behar dutela gaur egungo egoeran. Hala, 11:00etan elkartu ziren herritarrak Arkupean, handik Akarregirainoko mendi ibilaldia egiteko. Guztira 25 lagun inguruk egin zuten ibilaldia, eta Akarregiko puntan elkartasun argazkia atera ostean, herrira jaitsi ziren berriro ere. Herrira heltzeagaz batera, bazkaritarako elkartu ziren 90 herritar inguru txoko kanpoan. Bazkalostean, berriz, Miren Amuriza Plaza eta Xabat Galletebeitia Arabaroa bertsotan aritu ziren.
Egunagaz amaitzeko, poteoa egin zuten denek elkarrekin, eta hor ere hainbat herritarrek egin zuten bat Elkartasun Egunagaz: “Hurrengo ekimenetan espero dugu jende gehiago batzea konponbiderako bidean, guk horretan jarraituko dugu”.