Bikote harremanei buruzko hitzaldia antolatu dute Mutrikun
Bikote harremanak hizketagai hartuta gai desberdinak landuko dituzte Mutrikun ekainaren 6an [eguena] burutuko den hitzaldian. Gutxienez hamar partaidek eman beharko dute izena hitzaldia aurrera eraman ahal izateko.
Mutrikuko Udalak “Bikote harremana autoezagutzarako ispilua” hitzaldia antolatu du Helduleku Sexu Aholkularitza Zerbitzuaren eskutik. Ekainaren 6an burutuko da, arratsaldeko 18:00etan hasita, Zabiel Kultur Etxean.
Hitzaldian bikote harremanen nondik-norakoak aztertu eta hauen osaketan faktore desberdinek duten garrantziaren inguruan jardungo dute. Bikote harremana begirada sistemikotik zer den, eta norbere haurtzaroko afektuek, espektatibek eta mundua irakurtzeko mapa propioak nola parte hartzen duten harremanaren osaketaren inguruan hitz egingo dute. Horrez gain, bikote harremanen zikloaren inguruan ere mintzatuko dira, zikloa hurrengo fase hauetan banatuz: maitemintzea, sinbiosia, desilusioa, negoziazioa, desbinkulazioa eta azkenik, berriz elkartzea. Joku kolusiboen, hau da, bikote harreman bateko borondate gabeko jokabideak eta patroi disfuntzionalak, eta komunikazioaren garrantziaz ere arituko dira. Amaitzeko, harreman osasuntsuak eraikitzeko beharraz hitz egingo dute.
Gutxienez hamar partaidek eman beharko dute izena hitzaldia aurrera eramateko eta honetarako, heduleku@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko da mezua. Antolatzaileek esan dutenez, zaintza zerbitzua eskainiko da.