Diwan eskolako 28 ikasle, Mutrikun
Gaur [maiatzak 27] ongi etorria egin diete ikasle, irakasle zein Mutrikuko Udaleko ordezkariek.
Bretainiako Diwan eskolako 28 ikasle eta bi irakasle ailegatu ziren atzo [maiatzak 26] Mutrikura Erasmus programaren bitartez. Aste beteko egonaldia egingo dute herrian eta Mutriku ezagutzeaz gain, Bilbo, Donostia eta Gernika-Lumo bisitatuko dituzte.
Erasmus proiektuaren bitartez DBH 4ko ikasleek Europako txoko ezberdinak ezagutu eta beste herrialde batzuetako gazteekin harremanak lantzeko aukera edukitzen dute. “Beste herrialde batzuetako gazteekin harremanak landu eta bizi guztirako gogoangarria izango den esperientzia hartzeko”, zehaztu du Aiora Egiguren Solabarrieta Mutriku BHIko zuzendariak.
Mutrikun ailegatu berri diren ikasleek bretoieraz burutzen dituzte ikasketa guztiak. “Diwan eskolako ikasleek Bretoieraz egiten dituzte ikasketa guztiak. Ez da hautu erraza hartu dutena, Euskal Herriko ikastolen antzera, frantziar administrazioak oztopoak besterik ez baitizkiete jartzen. Hala ere, aurrera daramate beraien desira, eta 15 urte bitarteko nerabe hauek bretoieraz ikasten dihardute”.
Elkartrukean oinarritutako programaren bigarren zatia da hau, zehazki, apirilean mutrikuarrak egon baitziren Bretainian, aste betez. “Elkartrukearekin jarraituz, oraingoan hemengo familiak hartu dituzte 28 ikasleak”. Gaur [maiatzak 27] harrera egin diete Mutriku BHIko patioan, ikasle, irakasle zein Mutrikuko Udaleko ordezkariekin batera, Ainhize Azpiazu Azkarraga alkateordea egon baita harreran. “Harrera beroa egin zaie herrian, jarduneko alkatea ere institutuan izan da ongietorria emateko. Institutuko ikasleek euskal dantzak egin dituzte eta ondoren arraunean aritzeko parada ere hartu dute”. Behin arrera eginda, aste osoko egitarau bete-betea dute aurretik txoko ezberdinak ezagutzeko. Eguenean, ostera, Arkugainen ipini dute hitzordua afari merienda egiteko denek batera.