Hirugarren Burrundada Eguna, "orain arteko indartsuena"
Rock musikaren inguruan batu ziren zapatuan [maiatzak 25] Lekeition, hirugarren Burrundada Egunean. Antolatzaileak pozik daude erantzunarekin: "Dena antolatzen lanean aritu ostean dena ondo atera dela ikusita pozarren gaude".
Herriko eta inguruko rock taldeak ezagutarazteko helburuagaz jaio zen Burrundada Eguna, duela hiru urte. Zapatuan [maiatzak 25] ospatu zuten, hain zuzen ere, hirugarrenez jaialdia, eta Burrundada Musika Elkarteko kideak pozik geratu dira aurtengoak izan duen erantzunarekin: “Aurten saltotxo bat eman dugu gora. Erantzunarekin oso pozik geratu gara, oso gustora. Dena antolatzen lanean aritu ostean dena ondo atera dela ikusita pozarren gaude”.
Sei kontzertutatik lau herriko taldeenak izan ziren, eta herrikoek eman zieten hasiera jaiari, Nabilek eta Drunk Smilek, 12:30ean, udaletxeko eskaileretan: “Udaletxe aurrean jende asko batu zen. Ordu estrategikoan ipini genuen, eta jendetxoa batu zen. Giro oso ona sortu zen, eta oso ondo joan zen”. Hala, eguerdikoen ostean, iluntzean ekin zieten hurrengo kontzertuei.
Lekittoko Gazte Asanbladarekin elkarlanean, gaztetxean eskaini zituzten hurrengo kontzertuak, lekeitiarren eskutik. Slavers taldeko gaztetxoek euren lehenengo kontzertua eskaini zuten gaztetxe bete-betearen aurrean. Euren ostean, Didarrek trash metal doinuz bete zituen txoko guztiak: “Oso ondo egon ziren bi kontzertuak. Askok agian ezagutu ere ez dute egiten sortu zen giroa, jende gazteak edo, eta oso giro polita sortu zen, goraino jendez beteta”.
Hori gutxi ez, eta gauean ere jendez bete zen Kontzijopea: “Gauez eduki dugun ediziorik indartsuena izan da aurtengoa”. Hala, Bermeoko Kruddö taldeak eta Doneztebeko Dama taldeak 22:30etik aurrera lurra eta zerua astindu zuten euren abestiekin: “Oso kontzertu onak izan ziren. Sekulako zuzenekoa dute biek, eta asko gozatu genuen. Jende asko egon zen gauen ere”. Antolatzaileek bereziki azpimarratu nahi izan dute Hamahiru Soinuk egindako lana: “Eurak egon ziren soinuan eta argiztapenean, eta bikaina izan zen. Sekulako bitartekoak ekarri zituzten, oso ekipo ona”.