Ondarroak Espainiako Txapelketa irabazi du trainerillako gizonezkoen gazte mailan
Emakumezkoen kadete mailan lehiatu zuen Mutriku Arraun Taldeak bosgarren postua eskuratu zuen asteburuan.
Mutriku eta Ondarroa Arraun Elkarteak sariagaz itzuli dira Meirako (Galizia) uretatik: 67. Espainiako Trainerilla Txapelketan lehiatu ziren bi taldeak asteburuan. Gizonezkoen gazte mailan, Ondarroa Arraun Elkarteak ez zuen aurkaririk aurkitu, eta 14:18,18ko denboran bukatu zituen lanak. Talde ondarrutarrak lehen luzetik lortu zuen abantaila; izan ere, lehen ziaboga egin zuenean (03:08), bigarrenarekiko, Club de Remo Actividades Nauticasi zazpi segundoko aldea ateratzen zion (03:15). Aldea hamar segundora handitu zen bigarren ziabogarako, eta hirugarrenerako, hamahirukoa zen. Hala, Ondarroa Arraun Elkartea Espainiako txapeldun izendatu zen, Castro Urdialesko taldearen aurretik. Club de Remo Puebla talde galiziarra sailkatu zen hirugarren, 14:20, 44ko denboragaz.
Emakumezkoen kadete mailan Lea-Artibai eta Mutrikuko bi talde aritu ziren; Mutriku Arraun Taldea eta Ondarroa Arraun Elkartea. Ondarrutarrek podiumaren hirugarren postuan bukatu zuten estropada ohorezko txandan arituta, 07:41,09ko denboragaz. Aurretik, lehen bi postuetan eman zen lehia estuena, Boiro eta Zarautzek segundu bat baino gutxiago aldearekin egin baitzituzten lanak, galiziarren mesedetan. Mutrikuarrak bigarren txandan atera ziren uretara, eta berain txanda irabazita (07:50,54), bosgarren postuan bukatu zuten txapelketa.