342 ikasle batuko ditu Zientzia eta Teknologia Egunak
Barikuan [maiatzak 31] egingo dute Markina-Xemeingo Atxondo Kiroldegian.
Beste urte batez bueltan da Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Eguna antolatu du barikurako [maiatzak 31]. 09:30etik 14:30era Lea-Artibaiko LH 6. mailako 342 ikasle elkartuko dira Markina-Xemeingo Atxondo Kiroldegian.
Aurten, 15 txokotan, azken urteetan urteetan baino bi gehiago, banatuko dira ikasleak, eta robotika, materialak, adimen artifiziala, errealitate areagotua, elektronika, matematikak eta elektrizitatea bezalako gaien inguruan gehiago ikasteko aukera izango dute. Bertan, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteko enpresek eta eskualdeko eta inguruko beste enpresa eta erakunde batzuk parte hartuko dute; hala nola, Maier, Kide, Cikautxo, Eika, Fagor, Leartiker, Arragua, Neiker, EHU-UPV eta Doplay.
Maiatzaren 3an, Busturialdeko Zientzia eta Teknologia Eguna ospatu zuten Gernika-Lumoko Astra eraikinean. DBHko 4. mailako 338 ikasle inguru bildu ziren bertan.
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak, Leartibai Fundazioagaz elkarlanean, 2018-2019 ikasturtean TALENTATU izeneko proiektua jarri zuen martxan eskualdeko ikastetxeekin. STEAM (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria nolakoa den ikusi eta etorkizunean bertako enpresak beharko dituzten langile-profilak ezagutzera emateko asmoz, ekintza ugari egiten dituzte ikasleek.
Proiektu honekin eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi dute, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdeagazeta bertako enpresekin duten “harremana eta ezagutza” hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz. Hau da, ikasketak dituzten ikasleak lanera kanpora atera beharrean eskualdean bertan gelditzea eta enpresek behar dituzten profileko langileak bertakoak izatea lortu nahi dute. “Talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzea”.