Ekainaren amaieran irekiko ditu ateak Mendexako ludotekak
Barikuan [maiatzak 31] amaituko da Mendexako ludotekan izena emateko epea eta lau urtetik hamabi urtera bitarteko haurrei zuzenduta egongo da.
Ekainaren 27an jarriko da martxan Mendexako ludoteka zerbitzua eta uztailaren 30era arte egongo da zabalik. Barikuan [maiatzak 31] bukatuko da izena emateko epea eta gutxiengo kopurua betetzen bada zabalduko da, kontrara, izena emandako umeen kopurua handiagoa bada, erroldatuek izango dute lehentasuna. Lau urtetik hamabi urtera arteko haurrei bideratutako zerbitzua izango da.
Astelehenetik barikura egongo da irekita ludoteka, 10:00etatik 13:00etara eta Udaletxeko ganbara, frontoia, gazte-gunea eta herriko plaza erabiliko dute beraien jarduerak aurrera eramateko.
Ludotekarako kuotei dagokienez, erroldatuek 97,45 euro ordaindu beharko dute umeko, bi umek izena emanez gero 75,75 euro umeko eta familia ugariak 73,10 euro umeko. Erroldatuta ez daudenek 119, 05 euro umeko, bi ume izanez gero 97,45 euro umeko eta familia ugariak 89,30 euro umeko. Horrez gain, oinarrizko errenta edo/eta RGI diru laguntza jasotzen duten familien haurrak ordaindu gabe joan ahalko dira baina gizarte langileak sinatutako agiria aurkeztu beharko dute.
Izena emateko 946842106 telefonora deitu edo arantza@mendexa.net helbidera mezua bidali.