Emakumezkoen hezurrak, Garraitzeko ermitaren aldare nagusiaren aurrean
Atabaka Kultur Elkartekoek, Aranzadi Zientzia Elkartekoek eta herritarrek joan den abuztuan hiru gorpuren hezurrak aurkitu zituzten, auzolanean. Jakin berri dute hezurrok emakumezkoenak direla: "Horrek ez dauka azalpen normalik".
Azken urteetan urtero egin bezala, iaz bederatzigarrenez antolatu zuten Atabaka Kultur Elkartekoek Garraitz irlan egiten duten indusketa. Zalantzan zeuden azkena izango ote zen edo ez, baina indusketako azken egunean egindako aurkikuntzak beste urte batez lanean aritzeko indarra eta gogoa eman zieten elkarteko kideek. Izan ere, hiru gorpuren hezurrak aurkitu zituzten.
Hiru gorpu horien hezurrak Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen eskuetan geratu ziren aztertzeko, eta oraintsu jaso dituzte hezurrei buruzko berriak: “Hezurrak aztertu dituztenean jakin dugu. Guk pentsatzen genuen abadeen gorpua izan zitekeela, ze, ermitaren aldare nagusiaren aurrean zeuden lurperatuta, baina bi emakumeren hezurrak dira, eta gizonezko batenak, euren ondoan”. Harriduraz jaso dute berria Atabakako kideek: “Horrek ez dauka azalpen normalik. Sasoi horretan toki horiek gizonezkoentzako gordetzen ziren, abade eta figura nagusientzako. Misterio horrekin geratu gara”.
Guillermo Ruiz de Erentxun Atabakako kideak azaldu duenez, hurrengo pausua hezur horiek noizkoak diren identifikatzea izango da: “Emakumeen papera beti izan da bigarren mailakoa, eta sasoi horretan gehiago; emakume bi egotea leku nagusi batean ez zen normala. Orduan, lehenengo eta behin, emakume horiek euren tokian kokatzen gabiltza, eta gutxi gorabehera nortzuk ziren jakin nahi dugu”.
Lan erraza ez dela aitortu du Ruiz de Erentxunek, baina horretan dabiltza jada: “Oraintxe bidaliko ditugu hezurrak Suediara, haren arrastoak karbono-14aren bitartez aztertzeko. Horrek esango digu ze sasoi zehatzetakoak diren”. Behin hori jakiten dutenean, hari horri tira egin eta informazio gehiago lortzeko esperantza dute, euren familia zein zen eta ze funtzio betetzen zuten, esaterako.
“Esportatzeko eredua”. Ruiz de Erentxunek azaldu duenez, ez dakite noiz jasoko dituzten hezurrei buruzko berri gehiago, baina eurentzat “politena” udako indusketarako zerbait jakitea izango litzateke: “Guretzako politena izango litzateke auzolana antolatzen dugunerako jakitea, baina ez dago gure eskuetan, Aranzadi arduratu da horrekin, eta eurak dira adituak horretan”. Aranzadikoengan konfiantza “osoa” dute Atabakakoek, baina argi dute elkarlana dela aurkikuntza horien oinarria: “Uste dugu herritarrek parte hartze zuzena hartu behar dutela horrelakoetan, kultura eta historia hobeto ezagutzeko eta hobeto zaintzeko. Guretzako hau esportatzeko eredu bat da, ze, zientifikoek eta erakundeek ere parte hartzen dute. Auzolana antolatzen dugunean 40-50 lagun etortzen dira, euren eskuekin ukitzen dituzte gauzak, zer den, zer egiten den… interes horrek bermatu egiten du etorkizunean kultura eta historia ere ondo zaintzea”.