"Gure herriak Galarrena behar du"
Lekeitioko Galarrena herriko tabernak bere ateak irekiko ditu barikuan [maiatzak 31], irailetik itxita egon ostean. Gainera, aurten 25 urte beteko dira Galarrena lehenengoz ireki zenetik; uztailaren 13a izango da hori ospatzeko eguna.
Irailetik itxita egon ostean, Lekeition berriro ere herriko taberna martxan egongo da barikutik [maiatzak 31] aurrera. Galarrenak bere ateak irekiko ditu 20:00etan eskolapetik aterako den txaranga bertara heltzen denean. Zabaltze ekitaldiaren ostean, herritarrak elkartu eta ospatzeko eguna izango da; egunari amaiera ezin hobea emateko, berriz, 00:30ean Elepuntoren txanda izango da. Gainera, irekiera ekitaldiaz gain, aurten 25 urte beteko dira Galarrena lehenengoz ireki zenetik; uztailaren 13a izango da hori ospatzeko eguna.
Galarrena herriko taberna irailetik itxita egon ostean barikuan zabalduko duzue. Hilabete hauetan lanean ibili zarete?
Galarrena herrira begira itxita egon bada ere zortzi hilabete luze hauetan Galarrenako komitea lanean ibili da. Lan mardula izan du komiteak. Galarrenak 25 urte eta gero garai berrietara egokitzeko beharra izan du, bai itxura aldetik, bai eskaintzari begira, eta baita jardunean ere. Hau ikusita, komitea zabaldu eta lan taldeetan antolatu zen eta, egia esan, horrek ikuspegi anitz eta aberatsa izatea ekarri du.
Aldaketak datoz, beraz.
Itxura, eskaintza gastronomikoa, egitaraua… guztiz berriztu dira, baina iparrak berdina izaten jarraitzen du. Galarrena Euskal Herri independiente, sozialista eta feminista eraikitzeko espazioa dugu, ezkertiar, abertzale eta feministen elkargunea, eta hori da gure marka. Hori da Galarrena beste taberna eta espazioetatik bereizten duena. Gaurtik biharko Euskal Herriari ekarpena egiten dion espazio bizia eta zabala da.
Bizia eta zabala aipatzen duzuenean, zertaz ari zarete?
Zabala esaten dugunean herriari eta herrirako zabalik dagoela diogu, lekeitiarrei zein kanpotik datozenei. Bizia diogunean, berriz, lehen aipatutako iparrorratza independentzian, sozialismoan eta feminismoaren eraikuntzan jarriz, uneoro ekarpenak egiten dituen espazioa delako diogu.
Barikuan helduko da egun handia. Berezia izango da?
Bai. Maitzaren 31n Galarrena berriaren irekiera ospatzeko jaia antolatu dugu. Bertan ekitaldi txiki bat izango dugu eta musika eta umoreak ere lekua hartuko du. Iluntzeko 20:00etan eskolapean izango du hasiera, eta taberna itxi arteko eskaintza egongo da, besteak beste, 00:30ean Elepuntok animatuko du giroa. Jendea gogotsu dago eta ilusio handia nabaritzen da. Herritar askoren elkargunea da Galarrena, eta hainbeste hilabete itxita egon ondoren falta handia somatzen da. Gure herriak Galarrena behar du.
Irekieraz gain, 25 urte dira Galarrena ireki zenetik. Badago zer ospatu?
Dudarik gabe Galarrenak herri honi ekarpen handia egin dio, abertzale eta ezkertiarrontzako espazioa izateaz gain hainbat dinamika eraikitzaile sortu dira bertan. Herritarroi eta kanpotik etorritako jendeari zabalik beti. Kultur eskaintza zabalarekin, hainbat talde berriri eszenatokia eskeini zaie, neguan ume edo eta kirola egiteko ateak ireki dira, beste herri batzuetako borroka ezagutarazteko aukera eman da… 25 urte emankor izan dira eta hori ospatzekoa da, noski. Galarrena berriarentzat sortu den lemak dioen bezala, Galarrena bete borroka izan dugu eta izango dugu.
25. urteurrena ere ospatu egingo duzue beraz.
Bai. Uztailaren 13an ospatuko dugu, eta dagoeneko badago lan talde bat egun horren antolaketan lanean. Talde horretaz gain gazte talde bat ere batu da egun horri ekarpena egiteko. Egun osoko egitaraua lantzen ari gara eta herrira zabalduko gara. Aurtengoa urte berezia izango da Galarrenarentzat.