Jon Plazaolaren umorezko bakarrizketak hartuko du Gizaburuagako aretoa
Barikuan [maiatzak 31] 19:00etan, udal aretoan eskainiko du saioa Plazaolak. Ikuskizuna doan izango da baina izena eman beharko da aurretiaz.
Umorez betetako saioa eskainiko du Jon Plazaolak Gizaburuagako udal aretoan. Tu Tum, Platz! ikuskizunarekin bere sorlekura bueltatzen da Plazaola, bere sehaskara, eta bakarrizketagaz gozatzeko aukera edukiko dute barikuan [maiatzak 31], 19:00etan, Gizaburuagako udal aretoan.
Plazaolak taula gainean bere lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte pasa dira eta bere hastapenetara bueltatuz stand up formatuko bakarrizketari heldu dio. “Hori bai; 23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago. Ordubete izango dugu umorez betetako kolpez kolpe baten ondoren ardo ona bezala urteen poderioz hobera egin duen, ala ardo txarra bezala ozpindu den jakiteko”.
Sarrera doan izango da, baina edukiera mugatuta dagoenez ezin dute ziurtatu izena eman ez dutenek sartzeko aukera izango dutenik. Hortaz, bihar izango da izena emateko azkenengo eguna, eta joateko interesa dutenek Aulestiko, Gizaburuagako, Munitibarko eta Amorotoko udaletan izena eman beharko dute.