'Autokarabanie' helduko da domekan Markina-Xemeinera
Abarka antzerki taldekoak bost urtean taularatu ez badira ere, duela bi urte hasi ziren etzi aurkeztuko duten obragaz lanean: ‘Autokarabanie’ domekan [ekainak 2], 18:00etan helduko da Markina-Xemeinera.
Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldeak abarkak jaso eta gorde egin zituen duela bost urte, euren orduko jarduna amaitutzat eman zutenean. Duela bi urte, baina, berriro ere argi izpi bat sartu zen Abarkakoen entsegu lokalean, eta ordutik lanean ibili dira herriko aktoreak. Hala, heldu zaie egun handia ere: domekan [ekainak 2], 18:00etan, Arretxinagako zubian Autokarabanie aurkeztuko dute; “emanaldi bat eta bakarra” egingo dute Abarkakoek.
Ander Lipusen zuzendaritzapean bederatzi aktore taularatuko dira domekan: Nagore Leon, Luis Egurrola, Lur Epelde, Nerea Foruria, Ruben Markina, Argia Santamaria, Idoia Aldekoa, Rebeka Jauregi eta Lucia Conzi. Musikan eta teknikan, berriz, Mikel Unamunzaga ariko da.
Bi urtek askorako ematen dute, eta lehen pertsonan bizi izan dute hori Abarkako kideek. Denen arteko inprobisazio eta ideietatik jaio zen Autokarabanie, eta Yolanda Larreategi izan da ideia guztiak ordenatu eta idatzizko forma eman diona: “Eguaztenero bildu izan gara. Gidoia egin gabe zegoen, eta dena inprobisazioetatik egin dugu. Gaiaren funtsa eman zidaten, eta hortik hasi ginen”. Hala, Lipusek Arretxinagako zubia proposatu zuen antzerkia egiteko toki modura: “Proposatu nuen ondo egongo zela Arretxinagako zubi azpian egitea gure hurrengo lana, eta hortik hasi ginen bakoitza bere ideiak ematen”.
Ander Lipus: “Antzerkia maite dugulako egiten dugu: gozatzen dugulako eta gustora gaudelako”
Lehenengo ideia buruan edukitzetik paperera eroan eta antzezterainoko bidea, baina, ez da erraza izan. Aldaketa ugari egin dituzte prozesu guztian: “Apur bat kaotikoa izan da, baina gutxinaka joan gara. Azkenean, prozesu dena guk egiten dugu, eta zaila da hortik obra bat aterako dela ikustea, baina azkenean lortzen duzu”.
Larreategirentzat ere, gidoia idazteko prozesua ez da erraza izan: “Inprobisazioetan funtzionatzen zutela ematen zuten eszenak irten dira, baina gero paperean ipini eta praktikara eroatean ez zuela funtzionatzen ikusi, eta aldatu egin behar izan dugu. Gidoia sortzea ez da erraza izan, aldaketa asko eduki ditu; konplikatu samarra izan da”. Hala ere, lan guztiek ematen dute fruitua, eta Autokarabanie-k ere berea emango du domekan: “Oso ondo geratu da. Gidoia gauza bat da, baina Anderrek zelan zuzentzen duen, ez dauka alderik. Gozamena da. Berak beste bisio bat dauka, eta aktoreei zelan agintzen dien ikustean, dena aldatzen da”.
Izan ere, Lipus Abarkakoen zuzendaria izan da hainbat obratan; obra berria ez da salbuespena izan, eta hori ere “gustura” zuzendu duela aitortu du: “Antzerki lan dexente zuzendu diet, eta gustura egin dut. Plazer handiz egiten den gauza bat da, ze, ez daukazu profesionalki egiten ari zarenean bezainbeste presio. Antzerkia maite dugulako egiten dugu, gozatzen dugulako eta gustura gaudelako”.
Kritika soziala. Azken ukituak ematen aritu dira asteon Abarkakoak, eta “gogoz eta ilusioz” daude antzerkia herrian aurkezteko: “Aste Santua amaitu zenetik nahiko martxa onean gabiz, denok kontziente gara estreinatu egiten dugula, eta urduri ere bai, orduak sartzen, entseatzen… Azken txanparako pilak kargatuta; talde osoa oso ondo erantzuten dabil”.
Hala, Larreategiren esanetan, kritika sozial bat izango da zubipean aurkeztuko dutena: “Jendea identifikatuta sentituko da, eta bere burua ikusten ez badu, ezagun asko ikusiko ditu. Kritika sozial bat da, oso garaikidea”. Bi bikote izango dira obraren haria eroango dutenak, Amaia eta Jon alde batetik, eta Pablo eta Sorkunde, bestetik: “Bi bikoteek erabakitzen dute autokarabanarekin Markina-Xemeingo zubi horretara joatea zubia pasatzera. Hiru egun pasako dute bertan, eta denetarik pasako zaie; pertsonaia desberdinak agertzen joango dira obran zehar, oso lotuta daudenak Markina-Xemeingo gaur egungo historiari eta imajinarioari”.