Bizkaiko Urpeko Argazki Txapelketa hartuko du Lekeitiok
Domekan [ekainak 1] Abadeen Molatik aterata, urpekariek bi ordu izango dituzte irudiak ateratzeko.
Lekeitiok Bizkaiko Urpeko Argazkilaritza Txapelketa hartuko du domeka [ekainak 1] goizean. Bizkaiko hainbat urpekari, haien kamarekin, bi ordu izango dituzte (bi irteeratan banatuta) irudiak ateratzeko (200 argazkira arte), eta ondoren sei aukeratuko dituzte.
Argazki mota desberdinetan atera beharko dituzte argazkiak parte hartzaileek. Hasteko, argazki angeluarra atera behar dute urpekari batekin, non ereduaren eta paisaiaren arteko oreka eta ereduaren posizioa baloratzen den. Gero, berdina, baina urpekaririk gabe, konposizioa eta barietate kromatikoa kontuan hartuz. Bestetik, arrain bakar edo multzo bateri argazkia atera behar diete parte hartzaileek, betiere arrain mota desberdintzen, bertan, espeziea harrapatzeko zailtasunak eta arrazoiak dute garrantzia.
Bestalde, hurbileko argazki bat, xehetasunak aztertzeko, sormena eta bakantasuna bultzatuz. Argazki tematikoari dagokionez, aurtengoa itsas bedarrak dira. Azkenik, argazki librearen helburua originala, sortzailea eta artistikoa izatea da. Hori lortzeko, argazkilariak argazkia egiteko beharrezkotzat jotzen duena egin ahal izango du.
Euskadiko Txapelketarako baliogarria izateaz gain, txapelketak beste helburu “garrantzitsu” bat ere baduela diote. “Gizartea kontzientziatzeko egindako irudiak azaltzea, itsas hondoak garbi mantentzeko eta, batez ere, itsas habitata babesteko”. Gero, udazkenean irudi irabazleen erakusketa egingo dute.
Horrez gain, urpekari taldetik Lekeitioko Udalaren, Danobat, Ekin eta Eika enpreseei eskerrak eman dizkiete “haien laguntzarik gabe ezingo genukeelako ezer egin”.