Emakume zinemagileak kamera aurrean
Hiru urpekariren eskutik emakumeek zuzendutako zineman barrena itsaspeko bidaia batean barneratzen duen 'Arnasa Betean’ dokumentala eskainiko dute Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Emakume eta zinegile. Atzokoak eta gaurkoak. Kamera atzean egon ohi direnek aurrerapausoa eman, eta kameraren bestaldean kokatu dira, protagonista bilakatuz. Zinemagile bezala egindako lanean barrena murgiltzeko aukera eskaintzen duen proiektua azaleratu dute, eta hiru urpekariren eskutik, bidaian barrena murgiltzeko aukera eskaintzen dute.
Sortu eta landu dituzten filmeetako gaiak, begiradak, ametsak eta grinak azaleratu eta euskal emakume zinegileek egindako ekarpena nabarmentzen du Arnasa Betean Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiaren filmak. “Azkenean, emakumeen ahotsa entzuten hasi da zineman. Atzoko eta gaurko euskal zinemagileak protagonista dituen dokumental honekin ospatu dugu, gaiaren ikuspegi unibertsala aurkezten duena”.
Nola aldatzen ari da zinema emakumeen begiradaren ekarpenarekin? Filmean mahai gaineratzen duten galderetako bat da, beste hainbesteren artean. Esti Urresola, Lara Izagirre, Leire Apellaniz, Maddi Barber, Ana Diez, Arantxa Etxebarria, Maria Elorza, Iratxe Fresneda, Mireia Gabilondo, Isabel Herguera, Marina Lameiro, Ana Murugarren, Maider Oleaga, Izibene Oñederra, Maite Ruiz de Austri, Alauda Ruiz de Azua, Arantza Santesteban, Helena Taberna eta Bego Vicario dira, bakoitzak bere ikuspuntu eta bizipenetatik abiatuta, erantzunak ematen dituztenak.
Arnasa Betean dokumentala ikusteko aukera egongo da Ondarroako Kofradia Zaharrean, ekainaren 5 ean (eguaztena), 19:00etan. Gaztelumendi eta Zufia zuzendariak eta Larrañaga urpekaria egongo dira.
Hemeretzi emakume zinegile, emakumeek zineman duten unibertsoaz hitz egiten eta lanbidean eskubide berdintasuna aldarrikatzen, norbere hitzekin: “Emakumeak humanitatearen erdia dira kezka, hausnarketak eta desirak islatzeko mundu erdiaren errelatoa falta zen”; “Sortzaile bezala anitzak gara eta gauza ezberdinak egiten ditugu”; «Eskertu beharreko lehenengo gauza egitearen ausardia da”; “Zuzendariak emakumeak ginenean kalitatea zalantzan jartzen zen”…
“Emakumeak gehien falta izan diren arteetako bat da zinema. Hala ere, azken hamarkadetan gehiago dira zineman arrastoa utzi duten emakumeak, eta arrasto hori da, hain zuzen ere, proiektu honi ekitean bilatzen genuena. Emakumeek egindako zinearen eztanda-une honetan, zinemagileek iraganean egindako lana omendu nahi dugu, haien lorpenak orainaldian ospatu, eta haiekin etorkizunean amets egin”, azaldu dute zuzendariek.
Gaiaren lanketa egiteko baliabide bilakatu dute zuzendariek urpekarien egitea. Hiru emakume urpekari daude, tartean, Lara Larrañaga ondarrutarra, Erea Lopez eta Ainhoa Incognito kideekin batera filmaren sakontasunean barrena murgildu eta arnasa betean erronken berri emateko arduradunak bilakatu dira. “Filma itsaspeko munduan garatzen den irudi-fikzio batek gidatzen du”. Itsaspeko irudiak Menorcako iparraldean filmatu zituzten, ia denak labar eta kobazuloetan.
Hiru urpekariren eskutik, itsaspeko bidaia batean gidatzen dute ikuslea, zuzendarien lanetan barrena, landutako gaiak, pertsonaiak eta begiradak ezagutuz. Aitzindarietatik abiatu eta egungo gazteen lanetara arteko bidea bistaratuz.
Zer suposatu du proiektuan parte hartzeak? Esperientzia aberasgarria izan da. Lantzen den gaia oso garrantzitsua da niretzat, eta ikusgarritasuna ematea beharrezkoa da. Konexio polita izan da apnea munduarekin, Ainhoa eta Erearekin batera fikziozko kontaketa txiki bat dugu elkarrizketa artean.
Emakumearen errepresentazioari ikusgarritasuna emateko bide izan da zuretzat, eta bi zentzutan gainera. Apnea presentzia femeninorik ez duen kirola da, batez ere, Euskal Herri mailan. 7-8 emakumeko taldea daukagu, eta txapelketetara joateko elkar animatzen gara, emakumeen presentzia bermatuta egoteko. Mundu biak bateratu dira filmean, emakumearen mundua, bai zinean, bai apnean, biak ala biak, ikusgarritasunik gabeak.
Nola joan dira grabaketak? Logistika aldetik, konplexutasun maila handia zuten ur azpian zirelako. Zuzendariak ontzian zeuden, gu ur azpian eta kamerak ur azpian. Hortaz, komunikazioa zaila izan zen, eta grabaketa benetan bitxia zen.
Une bereziren bat baduzu? Eszena batean takoiekin agertzen gara, inposatutako kanon estereotipatuei erreferentzia egiteko modua da. Nik jantzi behar nuen takoia apurtuta zegoen, eta ihes egin zidan, hondoratzen hasi zen eta ni atzetik joan nintzen, takoia hartu eta eutsi nahian. Amaiera polita zuen eszenak, takoietaz desegiten baikara, behar ez dugun horretatik askatu eta kanonetatik askatzeko modu gisa.
Zer iruditu zaizu emaitza? Oso polita izan da, eszena arteko haria ikusgarria da eta elkarrizketen balioa nabarmena. Hausnartzeko eta ikasteko baliabidea da; kontzientzia sortzeko eta egunero borrokatzen jarraitzeko. Elkarrizketetan aipatutako esaldi bat dut gustuko: ‘Ez da orain emakumeak modan gaudela, baizik eta orain entzun egiten gaituztela’.