Eskualdeko 13 sortzaile elkartuko ditu Markina-Xemeingo Sortzaileen Azokak
Zapatuan [ekainak 1] 10:00etatik 14:00etara antolatu du Gazte Asanbladak.
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak Sortzaileen Azoka antolatu du zapaturako [ekainak 1], 10:00etatik 14:00etara, Zelaiko aldapan. Bertan herriko eta inguruko 13 sortzailek haien postuak jarriko dituzte herritarrei haien produktuak eskaini eta saltzeko. Hain zuzen ere, antolatzaileek aurten eskualdeko sortzaileak ekarri nahi izan dituzte. “Ahalegindu gara eskualdeko sortzaileak ekartzera, iaz toki desberdinetakoak jarri genituen, baina aurten azoka xumeago bat egin dugu eta batez ere Lea-Artibaiko sortzaileak indartu nahi izan ditugu”.
Iaz ere antolatu zuten eta gogoratu dute herritarrengandik zein sortzaileengatik harrera ona izan zuela, horrenbestez, “oso ondo” joan zela. Aurten, Gazte Asanbladan autogestioaren gaia lantzen ari direla esan dute eta horregatik azokaren ideia ezin hobea iruditu zaie. Sortzaileen Azokako sortzaileen oinarri nagusietako bat hori dela diote. “Helburua izan da autogestioarekin lotutako ekintza bat antolatzea eta aurrera eramatea eta horregatik antolatu dugu ostera ere. Horrez gain, sortzaileak gustora egotea ere nahi dugu”.
Postuen zerrenda:
- Magukaz: Motxilak, poltsak eta karterak.
- ART_ile: Artilezko gauzak( panpinak, jertsak…).
- Alai: Koadroak (hondartzako harri eta kristalekin).
- Ongizate: Osagarriak (ohialezko buruzapiak, giltzatakoak, belarritakoak…).
- Amaiur: Kuadroak akuarelan.
- Naia eta buztin polimerikozko belarritakoak.
- Saioa: Belarritakoak.
- Kikara: Makramia, buztin polimerokoakin belarritakoak eta buruko zapiak.
- Mikkota Art: Quilling teknikarekin paperezko belarritakoak eta koadroak.
- Lue: Buztin polimerikoaz egindako belarritakoak.
- Meraki bitxiak: Larruzko bitxi eta ileko apaingarriak.
- Maluke: diseinu eta estanpazio osagarriak eta belarritakoak.
- Bixi bixitxi: Kuadroak, kajak, kuaderno, kamisetak, boltsak eta belarritakoak.