Mendexako herriari bizitasuna ematera dator 'Ekain kulturala'
Hilabete osoko egitaraua antolatu du Mendexako Udalak. Zapatuan [ekainak 1] hasi eta ekainaren 24an bukatuko da 'Ekain kulturala'.
Ekain Kulturala egitasmoa antolatu du Mendexako Udalak lehenengo aldiz hilabete osoko egitarauarekin. Udaberri bukaera eta udara hasiera aprobetxatu eta herriari bizitasuna emateaz gain, herri txikietara kultura hurbiltzea izan da helburua: “Batzuetan, herri txikietan, ez dugu aukera handirik izaten kultur egitasmoak ekartzeko eta pentsatu genuen momentu egokia zela herriari bizitasuna eman eta herrian bertan mendexarrek kulturarekin gozatzeko aukera izateko”, azaldu du Alaitz Uskola Guenagak, Mendexako Udaleko zinegotziak.
Lea-Artibai eskualdeko artistez beteta dago egitaraua, helburua kultura mailan dabiltzan eskualdeko taldeei bultzada eman eta haien lana aitortu eta ikustaraztea izan baita: “Gure intentzioa eskualdean dauzkagun talde, sortzaile edo artista desberdinei lekua ematea izan da, egiten duten lan guztia ikustarazteko”.
“Pentsatu genuen momentu egokia zela herriari bizitasuna eman eta herrian bertan mendexarrek kulturarekin gozatzeko aukera izateko”
Ekainaren 1ean [zapatua] emango diote hasiera egitasmoari Ispasterreko Saji taldearen zuzeneko kontzertuarekin. 19:00etan hasiko da kontzertua herriko plazan eta ondoren, jan edan musikatuaz gozatzeko aukera izango dute mendexarrek. Ekainaren 8an [zapatua] Euskal dantzen ikastaroa egongo da, 18:30etatik 20:30era arte. “Jaietan erromeria talde bat etorriko da eta prestakuntza bezala herri mailako Euskal dantzen ikastaro bat burutu nahi genuen herritarrek oinarrizko dantzak ikasi zezaten: fandango, zazpi jauzi, polka… herritarrok erromerian parte hartu dezagun”. Eguraldi ona egonez gero, herriko plazan izango da ikastaroa, bestela, Udaletxeko ganbaran. “Ez dago izena emateko zerrendarik, zabalik utzi dugu hori, ikastaroa jaso nahi duen oro hurbildu dadin”.
Ekainaren 14an [barikua] dantza bertikalaren emanaldia egongo da Zinbulu Dantza Bertikala taldearen eskutik, 19:00etan, frontoian. “Mendexako frontoian entseatzen dute eta Ekain Kulturalean emanaldi bat egiteko proposamena luzatu ondoren, baietz esan ziguten”. Asteburu horretan beste dantza emanaldi bat ere izango dute herritarrek, ekainaren 15ean [zapatua] Lekeitioko funky eta balleteko ikasleak egongo dira plazan, arratsaldeko 19:00etan.
Hilabeteari amaiera emateko San Joan gaua ospatuko dute mendexarrek ekainaren 23an [domeka]. 21:00etan hasi eta suaren inguruan emango diote amaiera Ekain Kulturala egitasmoari. Aurrera begira, kultura herrira ekartzeko apustua egin nahi dute: “Agenda kulturala urte guztian zehar eduki nahi dugu herrian eta aukera hauek sortzen jarraituko dugu”.
EGITARAUA
Zapatua, ekainak 1.
- 19:00. Saji musika taldearen zuzeneko kontzertua, plazan.
Zapatua, ekainak 8.
- 18:30etatik 20:30era. Euskal dantzen ikastaroa.
Barikua, ekainak 14.
- 19:00. Zinbulu Dantza Bertikalaren emanaldia, frontoian.
Zapatua, ekainak 15.
- 19:00. Lekeitioko funky eta balleteko ikasleen dantza emanaldia, plazan.
Domeka, ekainak 23.
- 21:00. San Joan gaua.