"Gazteok zuzenean zeharkatzen gaitu osasun mentalaren auziak"
Gaur Gaztetxean egingo duten mahai-inguruagaz emango dio amaiera osasun mentalari buruzko dinamikari Ernaik. Auziaren erroei heltzearen garrantzia azpimarratu dute.
Osasun mentala erdigunean jarri du Ondarroako Ernaik, Euskal Herriko gazteen bizi baldintza duinak bermatzea helburu. Auziaren erroak mahaigaineratzeaz eta erantzuleak interpelatzeaz gain, zaintzaren eta afektua kolektibizatzearen beharrezkotasuna azpimarratu dute Maddi Badiola eta Nagore Saizar Ernaiko kideek. Alternatibak sortzeko unea dela diote.
Ondarroako Ernaitik osasun mentalaren inguruko dinamikarekin zabiltzate. Zein da gazteengan duen eragina?
Nagore Saizar: Gazteok bizitzen ari garen krisi orokortu hau ezin dugu une konkretu batekin lotu. Etorkizunera begira, dimentsio handia hartzen du: espektatiba guztiak apurtu, eta krisi eta prekaritatera kondenatuta irudikatzen dugu gure etorkizuna. Azken hamarkadetan mendebaldeko gizartea gidatu duen sistema neoliberalaren agorpena ematen ari den garaian hazi eta hezi gara. Kapitala, etekin metaketei eusteko, krisi egoera betikotzen duen berregokitzapen batean dabil. Eta horrek are nabarmenagoa egiten du bizitzaren eta kapitalaren arteko talka.
Maddi Badiola: Horrek guztiak gazteongan forma berezia hartzen du. Ezinbesteko funtzioa betetzen dugu sistemaren erreprodukzioaren logikan. Kapitala gazteon lan indarraz baliatzen da, ahalik eta gainbalio handiena eskuratzeko. Horregatik, zuzenean bideratzen gaituzte lan prekario eta debaluatuenetara. Lan eremuetan esplotatuenak gara, 30 urte aurretik emantzipatzea amets hutsala da, ezin dugu era duinean ikasi… Horrek guztiak zuzenean eragiten dio gazteon osasun mentalari. Aipatu beharra dago egoera horrek erantzuleak dituela, eta erantzule horiek interpelatzea beharrezkoa iruditzen zaigu. Alde batetik, gure lan indarrari esker aberasten dabiltzan eta prekarizatzen gaituzten enpresak daude; bestetik, elite ekonomikoen mesedetan dabiltzan erakunde publiko zein agintariak.
Zein da antolakundetik aurrera eramaten ari zareten dinamikaren helburua?
M.B.: Gure helburuetako bat osasun mentalaren inguruan hitz egitea eta horretarako espazioak sortzea da, eta, aurretiaz aipatu bezala, auziaren erroak mahaigaineratu nahi ditugu. Behin auzia problematizatuta, alternatibak sortzeko momentua iritsi da.
Nola lurreratu duzue herrian?
N.S.: Lehenengo, egoera bera problematizatu dugu. Hasieran, sare sozialen bidez egin dugu. Ondoren, herriko gazteen testigantzak bildu ditugu, Ondarroako gazteon egoera zein den jakiteko. Behin testigantzak jasota, datuak atera eta sozializatu ditugu, herriko gazteek ere jakin dezaten ez dela arazo pertsonala, orokortua baizik. Horrez gain, lortu nahi izan duguna da gazteok osasun mentalaren auzia nola bizi dugun ikusaraztea. Horretarako, mahai-inguru batekin emango diogu amaiera dinamikari.
Egoera horrek erantzuleak ditu. Alde batetik, gure lan indarrari esker aberasten dabiltzan eta prekarizatzen gaituzten enpresak daude; bestetik, elite ekonomikoen mesedetan dabiltzan erakunde publiko zein agintariak.
Nola bideratuko duzue gaurko mahai-ingurua?
M.B.: Mahai-ingurua profil ezberdinekin osatu nahi izan dugu. Batetik, Ondarroako Txirrimorraski ODTLko kide bi izango ditugu, boluntarioen osasun mentalari buruz hitz egiten; eurek ere landu dute aurten auzia. Bestalde, herriko gazte bat izango dugu gonbidatu gisa, osasun mentalaren inguruan hitz egitearen garrantziari buruz jardungo du, eta horrek sare sozialetan hartzen dituen formak zeintzuk diren azalduko ditu. Hirugarren profila gazteekin zuzenean esku hartzen duen gonbidatua izango da.
N.S.: Ondarroako Gaztetxean egingo dugu mahai-ingurua, gaur, 18:30ean. Interesa duen pertsona oro dago gonbidatuta, eta gazteon osasun mentalaren inguruan hitz egiteko espazio polita bilakatu daiteke.
Auziak dimentsio handia duela diozue. Zein da egoera iraultzeko bidea?
M.B.: Alde batetik, argi daukagu terapia psikologiko publikoa eta duina dela behar duguna, erabat pribatizatutako eremua baita. Eskaintza publikoa kolapsatuta dago, psikologo pribatuen kostua oso altua da; gazteon soldata prekarioei erreparatuz, ezinezkoa zaigu hori ordaintzea. Bestetik, gaixotasun psikosozialen eta suizidioaren prebentzioa bermatzea beharrezkoa dela ikusten dugu. Auzi horren sustraietan kokatzen diren faktoreei heldu behar zaie, berme horiek sortzeko; horretarako, egoera hori ahalbideratzen duten faktore sozial eta ekonomikoak irauli behar dira. Horrez gain, informazioa eta sozializazioa indartu behar dira, tabu izateari uzteko.
N.S.: Zaintza da hirugarrena, guztiz erdigunean egon beharko litzatekeena. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu elkar zaindu, eta afektua modu kolektiboan antolatzea, arazoa betikotu ez dadin. Horretarako, familia nuklearrak eta maitasun erromantikoak inposatu dizkigun afektuen hierarkizazio horrekin amaitu beharra dugu, eta horiek guztiak modu kolektiboan antolatu.
Epe luzera begira, osasun mentalaren gaia lantzen jarraituko duzue?
M.B.: Euskal Herriko gazte oro era duinean bizi ahal izateko garatu behar den neurri bezala ikusten dugu osasun mentalaren auzia. Ez gabiltza neurri isolatu bati buruz: bizitza, mundua eta Euskal Herria beste modu batean antolatzeaz ari gara. Horregatik, denon bizitza duinak bermatuko dituen antolaketa sozialerako norabidean kokatzen diren alternatiben alde lerratzea izango da gure premisa nagusia, beti.
Zaintza erdigunean egon beharko litzateke. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu elkar zaindu, eta afektua modu kolektiboan antolatzea, arazoa betikotu ez dadin.
Beraz, gazteon bizitza duinak erdigunean jartzea da helburua?
N.S.: Bai, argi eta garbi daukagu horrekin ez dela ezer amaitzen, eta, horrenbestez, Euskal Herriko gazteon bizi baldintza duinak bermatu arte lanean jarraituko dugu. Horretarako, kaleak hartzen, antolatzen, kolektiboan borrokatzen eta harremanak, lana, etxebizitza edota beste hainbat esparru nola ulertzen ditugun hausnartzen, zalantzan jartzen eta iraultzen jarraituko dugu. Bide horretan, partida jokatzeko dugun espazio guztietan presente egongo gara. Orain arte bezala, burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde motor izaten jarraituko dugu, bizitza duinen aldeko aldaketa gure esku ere badagoelako eta aldaketa hori geure neurrira egin behar delako. Laburbilduz, bizitzaren eta kapitalaren artean ematen ari den talka horretan, Ernaitik beti lerratuko gara bizitza duinen alde.